Duatloia

Mikel Astizek Nafarroako txapeldun dela hasi du denboraldia

Maider Betelu Ganboa 2025eko martxoaren 3a

Mikel Astiz, Nafarroako txapelduna, Imanol Etxarriren eta Iosu Cariñanosen artean. NAFARROAKO TRIATLOI FEDERAZIOA

Otsailaren 23an Errioxako IV. Villa de San Vicente duatloi gogorrean hirugarrena izan zen Mikel Astiz ihabardarra, lehen nafarra, eta Nafarroako Distantzia Erdiko Txapelketa irabazi zuen. Sergio Garcia de Eulate hamargarren izan zen Valtierran

Otsailaren 23an IV. Villa de San Vicente Duatloia jokatu zen Errioxan (9 km-51 km-10,5 km), distantzia erdian. Errioxako proba, aldi berean, Errioxako eta Nafarroako Distantzia Erdiko Txapelketa izan zen. 

Proba gogorrean, txapelduna Mikel Mugica (2:36:59) izan zen, Pello Osororen (2:43:09) eta Hiru Herriko Mikel Astizen (2:43:53) aurretik. Emakumezkoetan Irune Lopez gailendu zen (3:10:11). 

Ihabarko Mikel Astiz lehen nafarra izan zenez, Nafarroako Distantzia Erdiko Duatloi txapelduna dugu, Imanol Etxarriren eta Iosu Cariñanosen aurretik. 

Valtierra eta Viana
Egun berean Valtierrako Duatloia jokatu zen (5 km-24 km-2,5 km). Sakana Triatloi Taldeko Sergio Garcia de Eulate hamargarren sailkatu zen (1:02:01), Mikel Faber txapeldunetik 2 minutura (59:23). Juan Carlos Gomez 44. iritsi zen (1:07:27). Otsailaren 16an jokatutako Vianako Duatloian ere fin ibili zen Garcia de Eulate, hamahirugarren izan baitzen. 

Arbizuko Duatloia, ate joka
Iazko etenaldiaren ondoren –Nafarroako egutegian datarik gabe geratu zen–, bueltan da Arbizuko Udalak antolatutako Arbizuko Duatloia. Martxoaren 29an jokatuko da, eta Nafarroako Triatloi Federazioak berehala zabalduko du izena ematea. Beraz, adi egotea eskatu dute. Nafarroako proba beteranoena da Arbizukoa, lasterketa gogorra, egutegian garrantzitsua. 

Altsasuko Duatloia, bertan behera
Tamalez, aurten ez da Sakana Triatloi Taldeak antolatzen zuen Altsasuko Duatloia jokatuko. Lan handia du atzetik, eta aurten ezinezkoa izan da.