Erregional mailako 22. jardunaldia ezin hobea izan zen talde sakandarrendako.
Altsasu liderrak galtzea jakin gabe zer den jarraitzen du. Martxoaren 1ean Beti Onak B taldea hartu zuen Dantzalekun, eta 8. minuturako Julen Floresek Altsasu aurreratu zuen. Bigarren zatia hasi eta berehala Floresek bigarren gola sartu zuen 47. minutuan, eta Altsasuk partida bideratuta utzi zuen. Julen Flores berak hirugarren gola sartu zuen 75. minutuan, hat trick ederra lortuaz, eta 3-0 irabazita bukatu zen partida.
Lagun Arteak Iruñean jokatu zuen martxoaren 1ean, Universidad de Navarra B taldearen kontra. Bi taldeak paretsu ibili ziren lehen txanpan, baina Gorka Egurzak 31. minutuan sartutako golak lasaitasuna eman zion Lagun Arteari, are gehiago 46. minutuan Iker Anduezak bigarrena egin zuenean. Hala ere, Universidad de Navarrak bina berdintzea lortu zuen tarte laburrean, eta bi taldeen arteko lehia areagotu zen. Zorionez, Alvaro Codonek Universidadekoen atea zulatzea lortu zuen partida bukatzear zela, 86. minutuan, eta 2-3 irabazita eta 3 puntu oso gozoekin itzuli ziren lakuntzarrak.
Etxarri Aranatz Amayaren kontra jokatzekoa zen, baina kopako finalerdia zuenez, partida atzeratuta geratu da oraindik zehaztu ez den datara arte. Etxarrik kopako finalerako txartela lortu du finalerdian Ziraukiri 1-2 irabazi eta gero.
Sailkapena eta datorrena
Altsasu liderrak (64 puntu) 10 puntu ateratzen dizkio San Jorgeri (54 puntu). Etxarri Aranatz hirugarren da (48 puntu), partida bat gutxiagorekin eta Lagun Artea zazpigarren da (35 puntu). 23. jardunaldian Altsasuk Barañainen jokatuko du, martxoaren 8an, 16:00etan, Lagunak taldearen kontra. Etxarri Aranatzek San Jorgeren kontra jokatuko du martxoaren 8an, 18:15ean, San Jorge futbol zelaian. Azkenik, Lagun Arteak Arga Ibaia taldea hartuko du oraindik zehaztu ez den orduan.