Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) Salto! udalekuetan izena emateko epea zabaldu du. UEMAk Hedatu hezkuntza proiektua du, eta ikastetxeetan ere ari dira lanean UEMAko teknikariak, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleekin, irakasleekin eta gurasoekin. Udalerri euskaldunak eta arnasguneak giltzarriak direla nabarmentzea da proiektuaren helburua, baita gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusaraztea ere.
Proiektua are gehiago garatzeko, hezkuntza arautuaren mugak gainditu eta udalerri euskaldunetako gazteendako topaketak eta udalekuak antolatu ditu UEMAk azken urteotan, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da helburua. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak sentsibilizatzea eta saretzea lortu nahi da udaleku hauekin.
Salto! udalekuak
Aurten, 2007 eta 2010 urteen artean jaiotako gazteek izango dute udalekuetan parte hartzeko aukera. Bi txanda izanen dira, garagarrilaren 22tik 30era, eta garilaren 2tik 10era. Udaleku ibiltaria izango da: Baliarrainen hasi eta, Zaldibia eta Ataun zeharkatu ondoren, Idiazabalera iritsiko dira. Herri bakoitzean bi gau pasatuko dituzte gazteek, eta herri batetik bestera oinez mugituko dira. Txanda bakoitzean 60 lagunendako lekua dago. Izena emateko epea martxoaren 31ra arte dago zabalik. Horretarako, uema.eus webgunea erabili daiteke, edo labur.eus/salto2025izena loturako galdetegia bete. 175 euro balio du izen emateak. Informazio gehiagorako 943 816 699 telefono zenbakira hots egin edo administrazioa@uema.eus posta elektronikoko helbidera idatzi.