Gizarte ekonomiari ibarrean bulkada emateko hitzarmena

Guaixe 2025ko mar. 10a, 09:00

Aurtengo ekintza planaren ardatzak ekintzailetza eta lankidetza bulkatzea dira. SGA

Anelek eta Sakanako Garapen Agentziak hitzarmena berritu eta aurtengo jarduera plana zehaztu dute.

Nafarroako gizarte ekonomiako enpresak elkartzen dituen ANEL elkarteak eta Sakanako Garapen Agentziak (SGA) duten lankidetza hitzarmena berritu zuten astelehenean. SGAko buru Aitor Larraza Carrerak azaldu zuenez, "akordioa berritzeak bi erakundeen arteko lankidetza indartzen du, gizarte ekonomia Sakanako ekonomiaren garapenerako eta enplegurako elementu gisa sendotuz". Larrazak oroitarazi duenez, "Gizarte ekonomia Sakana 2027 Estrategia Planean zeharkako eremu estrategiko gisa sartu zenetik, aliantzak eskualdean kooperatiba ekimenak sortzen eta sendotzen lagundu du, enplegua sortuz eta iraunkortasunean eta parte-hartzean oinarritutako enpresa eredua sustatuz". Gaineratu duenez, "aurten elkarlanean sakondu eta ildo berriak hitzartu ditugu". 

Ibarrean kooperatibismoa eta gizarte ekonomia indartzeko garatuko diren ekimenen artean sei nabarmentzen dira. Aurten ere Sakanako Gizarte Ekonomiari buruzko Urteko Jardunaldia eginen da. Kooperatiben, enpresen eta tokiko eragileen arteko topagunea da, egindako jarduerak ebaluatzeko, behar berriak detektatzeko eta hobetzeko proposamenak sortzeko balio duena. Horrekin batera Lidergo Parte hartzaileko Tailerrak izanen dira. Haien bidez kooperatiben arloan lidergo gaitasunak sendotzera bideratutako formazioak, kudeaketa eredu demokratiko eta jasangarriak bulkatuko dira. Bestalde, Enpresen Mentorizazio Programak gizarte ekonomiako proiektu hasi berriei lagunduko die, ANELeko Mentoring Sarearen bidez, enpresa egonkortuen eta ekintzaile berrien arteko ezagutza trukea erraztuz.

Gainera, gazteen artean kooperatibismoa sustatzeko tailerrak eginen dituzte ikastetxeetan, adin goiztiarretatik gizarte ekintzailetza bulkatzeko helburuarekin. Horretaz aparte, gizarte ekonomiaren ereduan interesa duten ekintzaileei aholkularitza emanen diete eta ANELen Ekintzaile Kooperatiban negozio ideiak testatzeko aukera izanen dute. Azkenik, PARI Europako proiektuaren bidez, eraldaketa digital eta ekologikoan ekimen estrategikoak bulkatuko dituzte, energia, mugikortasun jasangarria eta abeltzaintza sektoreetan kooperatibak garatuz.

Mahaia, eta beste
Hitzarmenak Sakanako Gizarte Ekonomiako Mahaia bultzatzea ere aurreikusten du, eskualdeko enpresa kooperatiboendako topagunea, lankidetza eta ekimen berrien garapena sustatzeko helburuarekin. Era berean, ekintzaileei aholkularitza ematen jarraituko da, eta belaunaldien arteko errelebo prozesuei laguntza ematen jarraituko da, ondorengotza zailtasunak dituzten enpresetan.

Akordio horrekin, ANELek eta Sakanako Garapen Agentziak eredu ekonomiko inklusiboago, jasangarriago eta lurraldera errotuago batekin duten konpromisoa indartu dute, eskualdeko enplegua sortzea eta enpresa sarea indartzea sustatuz.