Gimnasia erritmikoa

Iskizakoak primeran Banakako Txapelketan

Maider Betelu Ganboa 2025ko mar. 12a, 11:00

Nafarroako Banakako Txapelketako lehen fasean parte hartu duten sakandarretako batzuk. ISKIZA

Banakako Nafarroako Gimnasia Erritmikoko Txapelketaren lehen fasean lan ederra egin zuen Iskizak. Tartean, Naroa Diaz eta Nagore Erdozia Espainiako Txapelketetara sailkatu ziren. Bigarren fasea Altsasuk hartuko du, apirilaren 5ean

Martxoaren 1ean Banakako Nafarroako Gimnasia Erritmikoko Txapelketaren lehenengo fasea jokatu zen Buztintxurin, eta bertan Iskiza Sakanako hamaika gimnastek parte hartu zuten. Egindako lanarekin pozik daude klubean. 

Lan ederra
Iskizakoen Buztintxuriko emaitzak erreparatuz, laugarren mailari dagokionez, 2013 infantil mailan Maddi Lorente laugarren eta Sofia de Sousa seigarren izan ziren; 2012 infantil mailan Sarai Alonso hirugarren eta Oneka Etxarte bosgarren; eta 2008/2009 jubeniletan Nerea Palomino laugarren, Maria Jose Zapirain bosgarren eta Haizea Perez seigarren.

Hirugarren mailan 2008/2009 jubenilen mailan Ainhoa Marijuan zazpigarren sailkatu zen eta 2006/2007 jubenilen kategorian Beatriz de Sousa hirugarren. 

Azkenik, bigarren mailako 2006 kategorian Naroa Diaz laugarren izan zen, eta Nagore Erdozia bosgarren. Biek apirilaren 8tik 13ra ospatuko den Espainiako Banakako Txapelketetarako txartela lortu dute. 

Olaia Agirre: "Apirilaren 5ean, Altsasun, gure mailarik onena eman nahi dugu"

Bigarren fasea, Altsasun
Olaia Agirre Iskizako arduradunak balorazio ezin hobea egin du. "Oso pozik gaude gure gimnastek tapiz gainean izan zuten jarrerarekin. Oso ariketa onak egin zituzten, orain arte egindako lana bikain defendatuz. Urteko lehen txapelketa izanda, urduritasuna nabaria zen, baina nahiz eta horrek akatsen bat ekarri, haiei oso jarrera onarekin egin zieten aurre, lana oso ondo defendatuz". 

Hurrengo asteetan ariketak eta koreografiak fintzen ibiliko dira, Nafarroako Kirol Jokoetako Banakako Gimnasia Erritmikoko bigarren fasea Altsasun jokatuko baita, apirilaren 5ean. "Bigarren fasean gure mailarik onena eman nahi dugu, are gehiago etxean jokatzen dugula kontuan hartuta". Horretaz gain, ekitaldia prestatzeko antolakuntza lan handia dute aurretik.