Hezkuntza publikoan gehiengoa duten Steilas, LAB, CCOO eta ELA sindikatuek mobilizazio sorta egiten ari dira. Ikasturte honetan egindako hiru greben ondoren, eskualdeka txandakatuz, bi orduko lanuzteak eginen dituzte asteazkenero. Sakanako hezkuntza publikoko langileak martxoaren 12an bi orduko lanuzteak egitera deitu dituzte. Eta, bide batez, egun horretan 09:00etatik 11:00etara Irurtzunen eta Altsasun egingo diren elkarretaratze eta batzarretan parte hartzera gonbidatu dituzte.
Lau sindikatuetako ordezkariek azaldu dutenez, txandakako protestarekin "helburu bikoitza dugu. Alde batetik, irakasleak entzutera joanen gara, hezkuntza publikoak dituen beharrak eta behar dituen konponbideak denon artean zehaztera, eta, bestetik, horiexek lortzeko behar diren inbertsio eta neurriak kalean aldarrikatzera". Horregatik daude asteazkenetarako deituta bai lanuzteak, baita asanbladak ere. Azken horietan "hezkuntza publikoak dituen beharrak eta behar dituen konponbideak denon artean zehazteko bilduko gara".
Harremanak
Deitzaileek Hezkuntza publikoaren alde lelopean ari dira mobilizazio horiek egiten. Adierazi dutenez, aurreko mobilizazioetan bezala "Hezkuntza Departamentuari jakinarazi nahi diogu bere jarrerarekin nekatuta eta haserre gaudela", Azaldu dutenez, gobernuak ez du asmorik negoziatzeko, "ez hezkuntza publikoak dituen beharren inguruan, ezta horretarako behar den inbertsioaren inguruan ere".
Mahai gainean bi gai daude eta horiek desberdindu behar direla gaztigatu dute langileen ordezkariek: Hizkuntza Ituna eta sindikatuen aldarrikapenak. Sindikatuen ordezkariek Hezkuntza Departamentukoekin bilerak izan dituzte, baina "gure eskaerei erantzuteko dirurik ez dagoela esan digute, baina diru sail bat gorde dutela gutxiengo sindikalarekin (UGT, Afapna eta Anpe) sinatutako akordioan jasotako neurriak finantzatzeko". Mobilizazioen deitzaileek azaldu dutenez, "ez dugu marra gorririk ezarri, negoziatzen segitzeko prest gaude. Baina orain arte mahai gainean jarri digutena ez da aski".