Lurralde Antolaketako zuzendari nagusiak paisaia unitateen 73 fitxa egiteko laguntza teknikoa kontratatzeko deialdia egin du. Lan egiteko 60.000 euro (BEZik gabe) daude. Bere eskaintza aurkeztu nahi duenak apirilaren 4ko 23:59era arteko epea du. Kontratua eskuratzen duenak sei hilabeteko epea izanen du lana despeditzeko. Beti ere, lana azaroaren 21erako despedituta egon beharko du.
Paisaiaren Europako Hitzarmenetik abiatuta, eta Nafarroako 2011ko Lurralde Antolamenduko Planak (LAP) garatuz, Paisaiaren Dokumentuak egiten dira LAP bost eremuetako bakoitzerako. Sakana bigarrenean sartuta dago, Nafarroa Atlantikoaren Lurralde Antolamendurako Planean, eta Urbasa-Andia natur parkea bosgarrenean. Paisaiaren Dokumentuak lan tekniko deskribatzaileak eta prospektiboak dira, eta paisaiaren arloan ezagutza sortzen dute. LAPetan ezarritako kontzeptu, metodologia eta arau oinarriak osatzen eta garatzen dituzte.
Paisaiari buruzko dokumentuek Nafarroako paisaiak babesten, kudeatzen eta antolatzen laguntzea dute helburu, bai eta eskala desberdinetan (tokikoa, eskualdekoa eta herrialdekoa) planteatutako neurriak ezartzen laguntzea ere. Horretarako, paisaiak aztertu, identifikatu, ezaugarritu eta kualifikatzen dituzte, eta plangintzarako, jarduteko eta emaitzen jarraipena eta ebaluazioa egiteko proposamena egiten dute. Lanen sekuentzia horrekin batera, partaidetza-prozesu bat egin behar da, proiektuaren hasieratik amaierara garatzen den paisaien ikuspegi soziala lortzeko.
Deialdiaren bidez paisaia unitateen 73 fitxak egin nahi ditu Nafarroako Gobernuak. Horien artean dago Andia mendiaren hegoaldea. Eta berritu beharrekoen artean, berriz, Gaztelu eta Bi ahizpe, Andia mendia eta Urbasa mendia.