Aurreneko Xabierraldiaren txanda

Guaixe 2025ko mar. 7a, 10:15

Erromesak Xabierko gazteluaren parean egiten den elizkizunean. ARTXIBOA

Bi asteburutan eginen dira erromesaldiak. Bitartean Grazia bederatziurrena ospatzen ari da.

Asteburu honetan eta hurrengoan makina bat erromes nafarrek Xabierko gaztelurako bidea hartuko dute. Abiapuntua Sakana, Iruñea, Noain, Elo edo Zangoza izan da ere, Xabierraldiaren Esperantzaren erromesak lelo hartuta ekinen diote bideari askok eta askok, kirola egiteko baliatuko duenik ere izanen da. 

Bi erromesaldi handiak Grazia bederatziurrenaren barruan daude. Eta Nafarroako pastoraltza eskualdeetako fededunen erromesaldiak ere izaten dira Xabierrera. Sakana hartzen duen Mendialdea eskualdekoa martxoaren 7an, ostiralarekin, egin da. Ibarretik bi autobus joan dira. Martxoaren 15ean beste bi aterako dira. Bata 06:00etan, erromesak Elon utzi eta handik oinez Xabierra joateko. Eta bestea, 12:00etan, Zangozara joanen dena. Han erromesek gurutze-bidearekin bat egiteko aukera izanen dute, bestela, autobusez Xabierreraino joanen dira. Guztiak misioen patroi unibertsalaren omenez, Xabierko San Frantziskoren omenez eginen den elizkizunean elkartuko dira. 

Urtero moduan, Xabierraldia nafar misiolari baten proiektu bat laguntzeko baliatuko da. Oraingoan eskolapioek Kubako Guanabacoa komunitatean kultur gunera bideratuko dute. Egoitza horretan haurtzaindegia eta haur kozkorragoendako gela dute. Baina elektrizitate sorgailua behar dute, herrialdean etengabe itzalaldiak daudelako. 

Egutegia

Martxoak 7, ostirala
Mendialdaldea eskualdekoen erromesaldia eta elizkizuna. 

Martxoak 8an, larunbata
17:00 Erromesari harrera egiteko meza.
20:00 Otoitza Zangozan.

Martxoak 9, igandea. Lehen Xabierraldia 
08:00 Gurutze-bidea. Irteera Zangozatik.
10:00 Meza gazteluaren aurrean.

Martxoak 10, astelehena 
Lizarraldekoen erromesaldia eta elizkizuna. 

Martxoak 11, asteartea
Iruñerrikoen erromesaldia eta elizkizuna. 

Martxoak 12, asteazkena
Erdialdekoen erromesaldia eta elizkizuna. 
Graziaren Bederatzigarrena amaitu da.

Martxoak 15, larunbata. Bigarren Xabierraldia 
15:00 Gurutze bidea Zangozatik.
17:00 Meza gazteluaren aurrean.