Emakumeen Nazioarteko Egunean, mugimendu feministak deituta, Irurtzunen manifestazioa eta Uharte Arakilen, Lakuntzan, Arbizun, Etxarri Aranatzen, Iturmendin eta Urdiainen kontzentrazioak egin ziren Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministak! lelopean. Eta Altsasun manifestazioa. "Elkarrekin indartsuak eta ausartak gara, eta aurre egingo diogu oldarraldi erreakzionario honi", adierazi zuten.
Izan ere, faxismoaren, eskuin muturraren eta populismo autoritarioaren goraldiaz ohartarazi zuten feministek, eta erantsi dute goraldi hori "erreakzio patriarkal bortitz" baten eskutik datorrela. "Horrek kontra egin nahi die feminismoari, bere lorpenei, emakumeen eskubideei eta beste hainbat borroka soziali, hala nola LGTBIQ+ komunitateari". Gaztigatu zutenez, "faxismoa ez dago hain urrun". Horren aurrean feministan antolatzera deitu zituzten.
Feministek salatu zutenez, "adierazpen askatasuna erabiltzen ari dira, eta ideia feministak instrumentalizatzen ari dira gorroto diskurtsoak sustatzeko eta matxismoa, homofobia eta xenofobia legitimatzeko". Diskurtso horiek zabaltzen ari direla azpimarratu zuten, eta "horrek indarkeria erreakzionarioa areagotzea dakar, batez ere, emakume migratuen, arrazializatuen, transen eta bolleren kontra".
Egoerari bakarka baino elkarrekin erantzun beharra aldarrikatu zuten. "Ausardia feminista" aldarrikatu zuten, beldurra menderatzeko, isiltasuna hausteko, eta atzerantz eraman nahi dituzten "matxiruloei" aurre egiteko. "Borroka feministak hamarkadak daramatza jendearen bizitzak aldatzen; izan dezagun horretan jarraitzeko ausardia, eta sor dezagun dena aldatuko duen indar hori». Horretarako, mugimendu «sendoa, kritikoa eta antolatua" behar dela gaztigatu zuten, mugimendu feministara batzeko dei egitearekin batera.
Mugimendu feministak martxoaren 8an indarkeria matxistarik gabeko bizitza exijitu du. Aldarrikapenen artean ere zaintza sistema publiko komunitarioa dago, baita Euskal Herria "harrera herria" izatea ere, baita Atzerritarren Lega baliogabetzea ere. Gerra industriaren kontrako mezua aldarrikatu dute feministek ere, eta Palestina, Sahara eta Kurdistani elkartasuna adierazi die. Hiritarren segurtasunaren aitzakian polizia kopurua handitzearen kontra azaldu dira, eta pentsio duinak ere exijitu dituzte.