Erregional mailako laugarren multzoko 23, jardunaldiak 7 puntu utzi ditu Sakanan.
Altsasu liderrak garaipenaren bidean jarraitzen du, ilea harrotu gabe. Martxoaren 8an Barañainen jokatu zuen, Lagunak B taldearen kontra. Partida oso borrokatuan, atsedenaldira gol bateko abantailarekin joan zen Altsasu, Unai Calvok sartutako golari esker. Bigarren zatian joera berarekin jarraitu zuen partidak, baina Altsasuren nagusitasuna agerikoagoa izan zen. Unai Calvok, Julen Floresek eta Eneko Verak kontrako atean asmatu zuten, eta 0-4 irabazita, garaipen ederra ospatu zuten altsasuarrek.
Sailkapenean hirugarren den Etxarri Aranatzek bigarrena den San Jorgeren kontra jokatu zuen martxoaren 8an Iruñean. Arerio zuzenen arteko partida borrokatua izan zen San Jorge zelaian jokatu zena. Jon Erdoziak 11. minutuan Etxarri aurreratu zuen, baina 8 minutura San Jorgek bana berdindu zuen, eta lehiak bizi-bizi jarraitu zuen. Bi taldeak garaipena lortzen saiatu ziren, baina puntu banaketarekin despeditu zen partida.
Lagun Arteak Arga Ibaia taldea hartu zuen martxoaren 8an Zelai Berrin. Jokalari lakuntzarrek Adur Kanpo bere atezainaren aldeko pankarta atera zuten zelaira. Kanpo Altsasuren kontrako partidan lesionatu zen, eta, zoritxarrez, ligako gainontzeko partidetan ezingo du jokatu. Taldekideen animoak jaso zituen atezain lakuntzarrak. Jose David Ramosek ordezkatuko du. Partidari dagokionez, Iker Anduezak 9. minuturako Lagun Artea aurreratu zuen. Lakuntzarrak aldea zabaltzen saiatu ziren, eta Arga Ibaiakoak partida berdintzen. Baina bi taldeek ez zituzten euren jokaldiak borobildu eta, azkenean, 1-0 irabazita despeditu zen partida, eta puntuak etxean geratu ziren.
Datorrena
Altsasuk lider jarraitzen du (67 puntu), San Jorgeren (55 puntu) eta Etxarri Aranatzen (49 puntu) aurretik. Lagun Artea zazpigarren da (38 puntu). Altsasuk sailkapenean laugarren den Rotxapea B taldea hartuko du martxoaren 15ean, larunbata, 15:30ean Dantzalekun. Egun berean, Lagun Arteak Orkoienen jokatuko du, sailkapenean seigarren eta arerio zuzena den Kirol Sporten kontra, 18:15ean. Seigarren postua dago jokoan. Azkenik, Etxarri Aranatzek martxoaren 16an, igandea, 17:00etan, sailkapenean zortzigarren den Berriozar hartuko du.