Areto futbola

Arbizuren eta Altsasuren gol festak

Guaixe 2025ko mar. 12a, 11:38

Arbizu Kirol Taldeak lider jarraitzen du. ARTXIBOA

Bi talde sakandarrak lehen maila autonomikoko bi talde onenak dira

Lehen maila autonomikoan 20. jardunaldia jokatu zen Arbizu Kirol Taldeak Eskiroz Kiroldegian jokatu zuen, Subiza Cendea de Galarren kontra. Liderrak ez zuen huts egin eta Subizari ez zion aukerarik ere eman: 0-8 gailendu ziren arbizuarrak, Jokin Urzelai, Urtzi Nazabal (2), Andoni Goikoetxea (2), Beñat Jaka (2) eta Ganix Kintana jokalariek sartutako golei esker. 

Altsasuk Vulcanizados Ruiz Tafa taldea hartu zuen martxoaren 6an Zelandi kiroldegian. Bi taldeek lehia handia izan zuten partidaren lehen zatian. Asier Salgadok Altsasu aurreratu zuen, baina Tafak berdindu zuen. 24. minutuan Jon Lopez de Goikoetxeak Altsasuren bigarrena sartu zuen, eta 2-1, partidak oraindik bizi jarraitu zuen. Bukaera aldera Altsasu nagusitu zen, guztiz. Javier Ordoñezek, Asier Salgadok eta Xabier Aiestaranek markagailua eraldatu zuten eta 5-1, merezimendu osoz gailendu zen Altsasu. 

Arbizu Kirol Taldeak jarraitzen du lider (49 puntu), Altsasuren (44 puntu) aurretik. Martxoaren 14an, ostirala, 19:30ean Arbizuk sailkapenean zazpigarren den Universidad de Navarra hartuko du, eta egun bat lehenago, martxoaren 13an, 20:30ean, Antsoainen jokatuko du Altsasuk, sailkapenean bosgarren den Gazte Berriak taldearen kontra.