Egin nahi ez zen bidaia

Alfredo Alvaro Igoa 2025ko mar. 18a, 13:30

Emakumezko bat leihotik begira. UTZITAKOA

Senegal, Maroko, Errumania, Portugal, Ekuador, Kolonbia edo beste herrialde batekoa izan daiteke Marian (asmatutako izena). Sakanako herri batean hiru urte pasa daramatza bizitzen. Oraindik ez du ez erresidentzia ez lan baimenik.

Estatuak baztertutako eta pobretutako eremu batean sortua, familiak migratzea zer den ederki daki. "Pobrezia handia zen. Esaterako, eskolako festan parte hartzeko 50 zentimo behar baziren, aitak ez zuen diru hori". Gaineratu duenez, "herrian ez zegoen ez lantegirik, ez lanik ez ezer. Familia bakoitzak atzerrira joandako pertsona bat zuen. Haiek atzerritik bidalitako diruarekin bizi ziren familiak". Marianen bi aitonak Europan bizi ziren. "Baina familia handitu eta gastuek gora egin zutenez, eta Europatik jasotako dirua nahikoa ez zenez, aitak migratzea erabaki zuen", azaldu du. 

Bidean jarri zen, baina, estatutik atera aurretik, hiri batean lana opatu zuen. Soldataren zati bat herrian zuen familia laguntzeko bidaltzen hasi zen. Azkenean, familiak herria utzi eta aitarekin hirira bizitzera joan zen. Herrialdean Europa helburu zuen migrazio mugimendu bat sortu zen 2000. urtean. "Etxean gaia hizpide izan genuen. Anaia batek hala egin zuen. 'Semeak joan beharrean nik joan behar nuen' esaten zuen aitak". Eta hala egin zuen. "Kezka handia izan genuen luzaroan haien berri ez genuelako izan". Arriskua izan zuen bidaian, baina onik iritsi ziren Europa erdialdera. "Lana opatu zuten, eta bidalitako diruarekin hiriko etxea berritu genuen. Baina paperik ez zuten lortu eta Espainian zegoen senide batengana joan ziren. Han biek lortu zituzten paperak. Ama eta anaia bat eraman zituen". Ahizpa bat Europa erdialdean bizi da egun. 

Herrialdean gustura, baina
Marianek azaldu duenez, "gustura nengoen sorterrian, han geldituko nintzateke. Oso ongi bizi nintzen. Baina Sakanara etortzera behartu ninduten gauza asko gertatu ziren". Senideak Europan barna zituenez, haiek bisitatzera joana zen noizbait turista bisatuarekin, baina beti bueltatzen zen. "Senarrak oso lan ona zuen. Semea eskola pribatu batean zegoen, ikasketetan ongi zebilen". 

Atzerrian trebatutako langile espezializatua zen senarra. "Europako soldata baten pare kobratzen zuen". Baina langileek enpresan 15 urte lan egin ondoren zuzendaritzak bota egiten zituen. "Enpresak aldi baterako kontratua zuten eta gutxiago kobratzen zuten langileak nahi zituenez, senarra presionatzen hasi zen, bera botatzeko aitzakia bila zebiltzan beti". Edozein egunetan botako zuten kezka zuen senarrak. Baina, aldi berean, langile ona zenez, langile berriak trebatzen zituena zen. Hamabost urte bete zituen enpresan, eta lanik gabe gelditu zen. 

Langabezian zela, senarrak egin zuen aurreneko gauza Europara joateko bisatua eskatzea izan zen. Baina ez ziren berehalakoan joanen. Kaleratua izatean konpentsazio bat jaso zuen. Horrekin 50 urtera arte bizi nahi zuten senide baten etxean. Orduan estatuaren laguntza bat jasoko zuen senarrak, eta jubilatzean dirulaguntza handiagoa. Kalkulu horiek eginda zituzten. Baina gastuak gora zihoazen, eta diruak ez zuen ematen. 

Azaldu duenez, "han bi gurasook lan egiten dugu seme-alabak eskola pribatuan izena emateko, bestela beldur garelako. Ikastetxe publikoan denetarik pasatzen da. Barruan labanak dituztenak ere daude eta". Gastuek gora egin zuten, txikien eskolaratzeari ere eragin zion diru faltak. "Ez nuen besteak baino gutxiago izatea nahi. Eta egoerak berari eragitea ezta ere". Mariani burutik pasa zitzaion: "nire haurtzaroan bizi nuen miseriara bueltatuko naiz". Gastuetan besterik ez zuten pentsatzen. Senarrak ez zuen lanik opatzen. Ordurako bisatua eskuratu zuten, eta bizi baldintza horietan bizitzen gehiago ezin zutela segi erabaki zuten. 

Sakanara
Estatura turistaren bisatuarekin sartu ziren Marian, senarra eta bi seme-alabak, eta Sakanara, Marianen anaiaren etxera etorri ziren. "Hori ez zen nire bizitzako helburua", esan du sorterriko garai onak oroituz. Senarra ez zen bizimodu berrira egin eta sorterrira bueltatu zen. Negarrez gogoratu du une hura. "Seme-alabak ez ziren jabetu ez zutela atzera ere ikusiko eta, ondoren, haren falta sumatzen zuten". Senarra turista bisatuak baliatuz bisitan etortzen hasi da. "Halakoetan oso pozik jartzen dira, baina zaila izan da". 

Bere anaiak erroldatu zituen eta seme-alabak eskolatu zituen. Anaia beste anaia baten etxera joan zen bizitzera eta hark zuen etxeko kontratua Marianen izenera pasa zen. Hasieran anaiak ordaindu zuen etxeko alokairua. Ondoren sorterritik ekarritako diruarekin ordaintzen segitu zuen alokairua, eta gainerako gastuak. Gizarte Zerbitzutara jo zuen eta bermatutako errenta eskaera egin zuen. Hiru hilabetera hasi zen dirua jasotzen. Horrekin bizi dira gaur egun ama eta haurrak. 

Marianen txikiak oso pozik doaz eskolara. "Hemengo irakasleen jarrera ez da sorterrikoena bezalakoa. Haurrak beste modu batera tratatzen dituzte". Sorterriko herriak maite ditu, "arazoa dagoen pobrezia da. Niri herriko bizitza hiriburukoa baino gehiago gustatzen zait. Herri honetan ez dago pobreziarik, ongi nago". Kalera ateratzerakoan, eta guztirako, dagoen segurtasuna ere goraipatu du: "sorterrian ezin naiz mugikorrarekin edo poltsoarekin kalera atera". Bizi den herrian bi lagun ditu, bera den jatorrizko herriko kideak haiek ere. 

Bere estatuan jatorrizko herri bateko kide da Marian, berezko hizkuntza eta estatuko hizkuntza hegemonikoarekin iritsi zen. Gaztelania ikastaro batean izena emana du. Astean bitan dira klaseak. Eta ikasten ari da. Gainera, bost hilabete iraun zuen ikastaro batean eman zuen izena, eta han asko aurreratu zuen hizkuntzaren ezagutzan. Hala ere, haurrekin plazara ateratzen denean gaztelania entzuten egoten da, ikasteko. 

Turismo bisatuak epe baterako dira, eta dagoeneko hiru daramatza Sakanan bizitzen Marianek. Nola lortu duen galdetuta, "lehen hilabetea oso zaila izan zen". Aipatu duenez, "zenbaitetan kanporatua izateko beldur izan naiz". Beldur horregatik, Iruñera beharrezkoa denean doa bakar-bakarrik. Eta anaiaren Iruñeko Alde Zaharrera joateko gonbidapen guztiak errefusatu ditu. Hura lasaitzen saiatu arren, dagoen polizia kopuruak atzera bota du. "Zortea izan dut. Poliziak gelditu nauen aldi bakarrean bisatua nuen oraindik". Hobe herrian, errepikatu du. 

Bizi eta lan baimenak eskuratzeko zer egin behar den galdetuta, azaldu digunez, "lehenik estatuan hiru urte bizi izana frogatu behar da. Ondoren lanerako aurrekontratu bat behar dut bizitzeko baimena egin ahal izateko". Etxeak garbitzen, edo mendekotasuna duten pertsonak zaintzen lan egin nahiko luke. 

Hiru urte horiek nola pasa dituen galdetuta, "sorterrian bizi izandakoarekin alderatuta, hemen oso ongi nago. Beharrak asetzeko dirua dut, eskolan txikiak beste guztiak bezala daude, jatekoa dugu... ez dugu ezeren faltarik. Beharrezko guztia dugu. Hori da nahi dudana". Egin zuen ikastaroko praktikak ezin izan zituen egin "paperik gabea" zelako. Beraz, ez du titulurik. Bai, ordea, ezagutza ziurtagiri bat. Paperak lortuz gero, familia biltzeko prozesua abiaraziko luke Marianek, senarra ekartzeko. Buruan duen azken pausoa naziotasuna lortzea da. Marianek sorterrian pentsatzen zuena opatu du Sakanan.