Euskaraldia 2025

Euskaraldia izen ematearekin hasten da

Guaixe 2025ko mar. 17a, 09:40

Euskaraldiko txapak. ARTXIBOA

Martxoaren 15ean zabaldu zen belarriprest edo ahobizi gisa izena emateko epea.

Udaberriko aurreneko Euskaraldia da aurtengoa, eta bertan da. Bi hilabete barru, maiatzaren 15ean hasiko da. Hamaika egun iraunen du, maiatzaren 25era arte. Euskararen erabilera aktibatzeko mugimendu sozialaren parte izan nahi duten sakandarrek izena eman beharko dute euskaraldia.eus webgunearen bidez. 

Data aldaketak ez du Euskaraldiko mamia aldatu: euskara ulertzen duten hiztunen hizkuntza ohiturak aldatzeko mugimendu soziala da, Euskal Herri osoan eragiteko sortua. Mugimenduak herritarren hizkuntza praktikak aktibatu eta euskararen erabilera handitu nahi du, eguneroko harremanetan euskara lehenetsiz eta 11 eguneko praktika sozial masibo bateratu baten bidez. Antolatzaileen nahia da Euskaraldiak irauten duen bitartean euskararen erabilera aktibatzeko mugimendua elikatzea eta gizartean errotu, sortutako euskarazko hizkuntza praktikak urte guztira zabaltzeko. Guztia izena ematearekin hasten da. Nahi izanez gero hizkuntza inertziak aldatzen gaur hasi zaitezke.