Errigorak Eskutik Eskura kanpaina martxan jarri du udaberriaren etorrera bertan dela. Haren bidez Nafarroa hegoalde eta erdialdean ekoiztutako oliba olio birjina estra, ardoak eta arroz, pasta, lekale eta kontserba sortak eskuratzeko aukera eskaintzen du. Beti ere, ekoizlearen jatorrizko prezioan eta euskaraz etiketatuta. Horretarako, auzolanean aritzen da, 200 bat herritan urtez urte lanean ari diren boluntario nekaezinen lanari esker.
Aurten udaberriko kanpainarako beste modura, denona da onura leloa aukeratu dute. Errigorako kideek azaldu dutenez, "elikadura burujabetzak kontsumitzaileoi honako onurak ematen dizkigu: elikatzen gaituenari buruz informatuta egotea, gardentasuna, esku hartzeko gaitasuna, erabakimena, ahalduntzea, harremanak, osasuna, komunitatea, kultura, hizkuntza..." Gainera, "onura denona da, baita ekoizle eta euskal lurraldeena ere".
Errigoratik gaineratu dutenez, "elikadura burujabetza da Euskal Herrian kontsumitzen ditugun elikagaiak hemen ekoiztuak izateaz aparte, elikagaien ziklo guztiaren gaineko erabakimena ere herriaren eskuetan egotea, hau da: ekoizpena, banaketa eta kontsumoa". Horretarako, "ekoizleen eta kontsumitzaileen parte hartzea eta kontzientzia hartzea ezinbestekoak dira, komunitate osoaren zaintza helburu nagusi bilakatuz", nabarmendu dute Errigorako kideek. "Bata zein bestearen miseria elikatzen duten enpresa erraldoien interesak", bazterrean utziz, "bestelako kontsumo bat bultzatzeak, onurak dakarzkigu denondako", ziurtatu dute.
Berrikuntzak eta eskaera
Udaberri honetan honako produktuak batu dira eskaintzara: arroz konbentzionala (bonba eta lido aldaerez gainera), dilistak eta txitxirioak, moten arabera banatutako arbendolak (txigortuak eta naturalak), albahaka edo belar probentzalekin ondutako fussili pasta eta sei botilako ardo-sortak (eredu ekologikoan ekoitzitakoak guztiak, beltza, zuria eta gorria).
Errigora zigiludun produktuak eskuratu nahi dutenek online errigora.eus atarian egin dezakete eskaerak. Bestela, 848 871 223 telefono zenbakira hots egin daiteke. Gainera, ohiko tokietan ere egin daiteke eskaera. Horretarako azken eguna martxoaren 26a izango da. Produktuen banaketa apirilaren bukaeran eta maiatzean zehar egingo dute.
Banaketa guneak
- Irurtzunen, maiatzaren 29an, ostegunean, 10:00etatik 12:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.
- Etxarri Aranatzen, estalopean, maiatzaren 30ean, ostirala, 18:30etik 20:00etara.
- Arbizun, eskolan, maiatzaren 29an, osteguna, 16:45etik 18:00etara.
- Altsasun, Itsasi euskaltegia, maiatzaren 27tik aurrera.