Ikasle Abertzaleak-ek martxoaren 13rako hezkuntzako ikasleak grebara deitu ditu. Ikasle erakundeak azaldu duenez, "bi arazo handik zeharkatzen dute hezkuntza sistema kapitalista. Batetik, gizarte osoan zehar hedatzen ari diren ideia erreakzionarioak hezkuntzara ere iritsi dira. Bestetik, ikasle langileon egoera urtez urte okerrera doa". Arrazoi horiengatik "guztiz beharrezkotzat" jo dute mobilizazioa eta greba.
Mobilizazioaren deitzaileek azaldu dutenez, "ideia zein jarrera erreakzionarioak, matxistak nahiz arrazistak nagusiki, normalizatzen ari dira kalean, sare sozialetan edota erakundeetan, eta hezkuntza ez dago joera sozial horretatik salbu. Sare sozialetako pertsonaiek eta eskuin muturreko alderdi politikoek bulkatuta, azken hilabeteetan argi ikusi dugu matxismoaren eta arrazakeriaren presentzia nabarmen igo dela, baita hezkuntzan ere". Ikasle Abertzaleak-eko kideen iritziz, "ezin dugu ideia horiek guztiak normalizatzen utzi eta ikasleok gorakada erreakzionarioaren kontrako agente aktiboa izan behar gara, hezkuntzan matxismoak edota arrazakeriak ez baitauka tokirik".
Salaketak
Salatu dutenez, hezkuntzan egoera gero eta larriagoa da: "inbertsio publiko falta, ratioak, azpiegiturekin edota bestelako zerbitzuekin gero eta arazo gehiago ditugu, eta egoera horretatik kaltetuenak ikasle txiroenak dira beti, familia dirudunetako ikasleek baldintza hobeetan ikasten duten bitartean. Klasismoak dakarren segregazioa arazo larria bilakatzen ari da herri nahiz hiri askotan".
Aldi berean, salatu dute ikasleen kontrolean oinarritzen diren neurriak gero eta pisu handiagoa dutela derrigorrezko bigarren hezkuntzan eta batxilergoan, presioa eta karga areagotuz. "Unibertsitatean ere klasismoa eguneroko ogia da: enpresen eta unibertsitatearen arteko harremana estutzen ari den bitartean ikasle langileok gero eta baldintza kaxkarragoak baititugu. Norabide arriskutsua hartu du unibertsitateak, izan ere, enpresek etekin ekonomikoak ateratzen dituzte harreman horretatik, eta esku hartze gero eta handiagoa dute unibertsitateko agendan", adierazi du Ikasle Abertzaleak-eko kideek.
Gazte erakundeko kideen iritziz, "langileon kontrolpeko hezkuntza sistema sozialistarik gabe, hezkuntza sistema ez da inoiz ikasleon formazio eta garapen askerako espazio izango, enpresari eta politikarien interesen menpeko espazio gero eta baztertzaile nahiz autoritarioagoa baizik".