Hezkuntza publikoko irakasleak kezkatuta daude

Guaixe 2025ko mar. 14a, 12:35

Kanpainaren barruan Altsasun egindako elkarretaratzea. UTZITAKOA

Batzarrak egin zituzten asteazkenean.

Hezkuntza publikoaren alde kanpaina garatzen ari dira Steilas, LAB, CCOO eta ELA sindikatuak. Haren bidez Nafarroako eskualdeetan barna bi orduko lanuzteak egitera deituak daude irakasleak asteazkenetan. Sakanaren txanda izan zen asteazkenean, eta dinamikaren barruan Irurtzunen eta Altsasun elkarretaratzeak egin zituzten irakasleek. Ondoren asanbladak izan ziren. Haietan hezkuntza publikoaren egoera aztertu eta ibarreko irakasleen egoera eta ekintza proposamenak partekatu zituzten. 


Irurtzunen egindako kontzentrazioa. UTZITAKOA

Batzar horietan hainbat gai azaleratu ziren. Batetik, landa eskolen egoera, gela unitarioek duten zailtasunaz aparte, bazterketa sentipena. Bestetik, irakasleen bajen kudeaketan dauden arazoak, hainbat plaza ordeztu gabe geratzen direlako denbora luzeegian. Horretaz aparte, pedagogia terapeutikoan aritzen direnek eta orientatzaileek dituzten ratio altuez gaztigatu zuten, kalitatezko arreta ematea asko zailtzen dutenak. Edo inklusioaren izenean irakasleei eskatzen zaizkien tresna berrien inplementazioak lehendik zegoen lan karga handiari beste zama bat eransten diona.

Sindikatu ordezkariek azaldu dutenez, "horrek guztiak irakasleon bakardadea eragiten du eta indar kolektiboa kentzen digu. Horren jakitun batzar hauek baliatzen ari gara denon artean kezkak partekatu eta erabakiak hartzeko". Sindikatuek Sakanan jasotakoen berri Hezkuntza Departamentuari emanen diote. "Negoziatzeko borondateari eutsiko diogu. Bitartean, irakasleok ikastetxeetan eta kalean antolatzen jarraituko dugu", nabarmendu dute.