Nafarroako Gobernuak parte hartuko du Euskaraldia. Elkar mugituz egingo dugu ekimenaren laugarren edizioan. Lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok eta Oskar Zapatak, Nafarroako Taupa Euskaltzaleen Mugimendua zuzendariak, Euskarak 365 egun programa garatzeko hitzarmena sinatu dute. Haren baitan Euskaraldia jarduera nagusia eta nabarmenena da.
Ollo lehendakariordeak nabarmendu nahi duenez, erakunde publikoen eta gizarte eragileen arteko lankidetza ezinbestekoa da oraindik euskara sustatzeko eta zabaltzeko, eta lankidetza hori Euskarabidearen funtzioekin bat datorrela nabarmendu nahi izan zuen. Nafarroako Gobernuak euskararen inguruan duen konpromisoaz ere mintzatu da Ollo: "elkarbizitzarako eta kohesio sozialerako funtsezko faktorea den hizkuntza, gizarte gisa dugun balioa biderkatzen duena, betiere aukeraz betetako etorkizun bati lotuta".
Euskararen erabilera sozialean eragitea
Gogoan izan behar da Euskarak 365 egun programaren helburu nagusia hiztunek euskara gizartean erabiltzea dela, bi ekimen zehatzen bitartez: lehena, gazteei zuzendua, eta, bigarrena, haurrekin harreman zuzenean dauden helduei zuzendua, beren hizkuntza-praktikei buruz hausnar dezaten, azken finean, familietan hizkuntzaren erabilera areagotzeko, familiei euskaraz txikitxoak sozializatzen lagunduz.
Hala, Nafarroako Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak programa hori garatzeko konpromisoa hartu du, ekimenaren koordinazioa, zabalkundea, sentsibilizazio-kanpaina eta tailerrak, herri eta erakundeetan euskara sustatzeko jarduerak eta Nafarroan ekimenaren mugarriekin lotutako ekitaldi publikoak burutzea.
Hitzarmen honek jasotzen duen Euskarak 365 egun programa garatzeko, Nafarroako 2025erako Aurrekontu Orokorretan 200.000 euroko partida bat onartu zen. Era berean, hitzarmena 2025eko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean.