Azpeitiko Izarraitz pilotalekuak Urrezko Aizkolarien eta Harri Jasotzaileen final handiak hartu zituen martxoaren 16an. Ia mila herri kirol zale bildu ziren finalak jarraitzera, giro beroan.
Gazteen mailako aizkoran, batetik 19 urtez azpiko Banakako Urrezko Aizkolari Txapelketa jokatu zen. Hiru finalisten artean, bi sakandarrak ziren: Oier Mitxelena altsasuarra eta Aitor Saralegi irurtzundarra. Haiekin batera Kimetz Alzola aritu zen. Bi kanaerdiko erdibitzen azkarrena Oier Mitxelena izan zen (4:00), Kimetz Alzolaren (4:18) eta Aitor Saralegiren (5:02) aurretik.
23 urtez Banakako Urrezko Aizkolari Txapelketako finalean Jon Erdozia eta Aritz Oiarbide lehengusu etxarriarrak eta Jokin Larrieta lehiatu ziren. Jon Erdoziak joan zen urteko txapela berritu zuen (3:43), erraz, Jokin Larrietaren (4:07) eta Aritz Oiarbideren (4:16) aurretik. Gazteen txapeldunen bukaerako lehian, Erdozia (4:23) Mitxelenari gailendu zitzaion (4:36).
Beste txapelketei dagokienez, Gizonen XXV. Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketa Iker Vicentek eta Eneko Saralegik irabazi zuten, Emakumezkoen Banakako Aizkolari Txapelketa Laiene Pikabeak. Harri Jasotzean, gizonen harri txikietan Mikel Lopetegi “Urra” gailendu da, gizonen harri handietan Gari Garmendia, eta emakumeen harri jasotze txapelketan Maddi Gesalaga.
Luis Mari Bengoaren agurra
Urrezko aizkora txapelketaren 25. edizioa zen aurtengoa, eta data berezi horretan Egur Sport enpresako Luis Mari Bengoak erretiroa hartu du.