Gizonezkoen Erregional mailako 24. jardunaldiak 7 puntu utzi ditu Sakanan.
Altsasuk Rotxapea B taldea hartu zuen Dantzalekun. Partida hasi eta berehala Unai Calvok Altsasu aurreratu zuen, eta hortik aurrera lehia estua izan zuten bi taldeek. Bigarren zatian ildo beretik jarraitu zuen partidak, baina Altsasu dominatzen hasi zen, eta Jon Lopez de Goikoetxeak, Imanol Lobok, eta Aitor Augustok, azken honek deskontuan, markagailuan 4-0koa jarri zuten. Liderraren beste garaipen sendo bat.
Etxarri Aranatzek Berriozar hartu zuen San Donaton eta gol festa ederra ospatu zuten etxarriarrek. 7. minutuan Berriozar aurreratu zen, baina Etxarrik partidari buelta eman zion eta atsedenaldira 3-1-eko aldearekin joan zen Adrian Jakak, Ander Botoncha Ramirezek eta Aimar Lizarragak sartutako golekin. Bigarren zatian ildo berean jarraitu zuen. Etxarri Aranatz eraso baino erasokor ari zen bitartean, Berriozar partida iraultzen saiatu zen, baina ezin. Mattin Altzelaik, Oinatz Carreñok (2) eta Joanes Mikeok festa borobildu zuten eta 7-1, garaipen handia lortu zuen Etxarrik.
Lagun Arteak Orkoienen jokatu zuen, Kirol Sport taldearen kontra. Bi taldeak nor baino nor aritu ziren 3 puntuak lortzeko nahian, seigarren postua baitzuten jokoan, baina baloiak ez zuen kontrako atean sartu nahi izan, eta partida husnako berdinketarekin despeditu zen. Puntu banaketa, beraz, Orkoiengo futbol zelaian, eta bi taldeek sailkapenean toki berberean jarraitzen dute.
Datorrena
Altsasuk lider sendo jarraitzen du, partidarik galdu gabe (70 puntu). Etxarri Aranatzek hirugarren jarraitzen du (52 puntu) eta Lagun Arteak zazpigarren segitzen du (39 puntu). Ligako 25. jardunaldian Altsasuk sailkapenean laugarren den Amaya izango du aurkari Iruñean, martxoaren 23an, igandea, 19:00etan. Etxarri Aranatzek sailkapenean hamazazpigarren den Asdeforren kontra jokatuko du martxoaren 23an, Amigo ikastetxean. Lagun Arteak, aldiz, etxean jokatuko du, Zelai Berrin, martxoaren 22an, larunbata, 18:30ean. Lakuntzako taldeak sailkapenean hamabosgarren den Lekunberriko Beti Kozkor B hartuko du.