Sakana Lanbide Heziketako institutuaren heldu den urteko ikasketa eskaintzan aldaketa pare bat egonen dira. Batetik, mikroinformatika sistemak eta sareak ikasketa duala desagertu eginen da. Eta, bestetik, Administrazio Kudeaketa teknikari erdi mailako zikloa sortuko da. Euskarazko ikasketa izanen da. Mari Jose Oiarbide Izagirre ikasketa buruak azaldu duenez, "ziklo hori bukatzean ikasleak bezeroarekiko harrera eta harremaneko administrazio jarduerak eta administrazio kudeaketako jarduerak egiteko gai izanen da". Lan irteerak lirateke: enpresako hainbat arlotako administrari laguntzailea izatea, bulegoko laguntzailea, ordainbideetako enplegatua, harreragilea, bezeroari arreta emateko enplegatua edo diruzaintzako enplegatua. Oiarbidek azaldu duenez, "enpresariek bilera batean aipatu zuten administrazioko langileak behar zituztela".
Ikasketa buruak azaldu duenez, "erdi mailako ziklo berri hori Merkataritza Zerbitzuetako Oinarrizko Graduko zikloko ikasleek beraien ikasketei jarraipena emateko modua izan daiteke, hala nahi badute behintzat. Izan ere, bi ikasketak lotura dute, familia berekoak dira".
Ikastetxeko eskaintzatik mikroinformatika ikasketa desagertuko da heldu den kurtsoan. 2021-2022 ikasturtean ezarri zen, eta ikastetxean eman zen euskarazko bigarren zikloa izan zen. Oiarbidek azaldu duenez, "departamentuak ikasle faltagatik kendu du ikasketa hori. Bigarren mailan besterik ez zeuden ikasleak". Azaldu duenez, ikasketa horiek egin dituzten ikasle gehienak beste zikloren batean ikasten ari dira.
Institutuan eta enpresan
Kurtso honetan ikasketa duala ziklo guztietako lehen mailan ezarri da. Hurrengo urtean bigarren maila guztietan izanen da. Ikasketa dualak ikasleak lan mundura hurbiltzeko eta ezagutzeko aukera ematen dien, enpresetan praktikak egiten baitituzte. Oiarbidek azaldu duenez, "bi dual mota daude. Orokorrean ikasleak 500 eta 700 ordu arteko praktikak egiten ditu enpresan. Eta intentsiboa, 700 ordutik gorako praktika ordainduak dira". Halako hiru dituzte: soldadura eta galdaragintzan, fabrikazio mekanikoko produkzioaren programazioan eta automatizazioa eta industria robotikan.
Ikastetxean azken urtetan fatxada berritu eta mikroinformatikako ikasketetarako bi gela berri egin ziren. Gainera, 3D inprimagailu eta ikus-entzunezko ekipamendua zuen teknologia aplikatuko gela bat zuten. Orain bigarrena jarri dute, industriara bideratuago, robotak eta soldadurako simulagailua ditu. Bestalde, gaitasun digitalak lantzeko 20 ordenagailuko gela ere badu, ikastaroak emateko balio duena.
Ikasketa eskaintza 2025-2026 ikasturterako
Oinarrizko Lanbide Heziketa
Merkataritza zerbitzuak.
Lanbide Heziketa berezia
Merkataritzako Zerbitzu Orokorretako laguntzailea (elebitan).
Erdi mailako zikloak
Mantentze lan elektromekanikoa.
Soldadura eta galdaragintza (duala intentsiboa eta ordaindua).
Mendekotasun egoeran dauden pertsonei laguntza (euskaraz).
Administrazio Kudeaketa (euskaraz).
Goi mailako zikloak
Industria Mekatronika.
Fabrikazio Mekanikoko Produkzioaren Programazioa (duala intentsiboa eta ordaindua).
Haur Hezkuntza (euskaraz).
Automatizazioa eta industria robotika (duala intentsiboa eta ordaindua).
Araubide bereziko kirol ikasketak
Mendi ertaineko teknikaria.
Eskalada teknikaria.
Ziurtagiriak
Lanean ari diren langileak titulazioa lortzeko profesio ziurtagiriak lortzeko ikastaroak.
Gaitasun kreditazioa
Lan esperientzia eta arautu gabeko trebakuntzaren bidez eskuratutako gaitasunak ofizialki aitortzeko aukera.