Astekaria

Zikloturistendako ibilbidea egiteko lanak hasita

Guaixe 2025ko mar. 24a, 09:02

Txirrindulariak Lizarragara bide batetik iristeko aukera izaten dute. ARTXIBOA

Ibarra zeharkatuko duen eta herri eta gune interesgarriak lotuko dituen sare zikloturista bat egiten hasi dira. Bide nagusiak adarrak izanen ditu Arakilen eta Ergoienan. Bideak Irurtzunen Plazaola bide berdearekin (Eurovelo1) bat eginen du. Gainera, Arabako sare zikloturistarekin bat eginen du

Sakanako Mankomunitateak herritarren mugikortasun iraunkorra sustatzeko ibarra zeharkatuko duen bizikleta ibilbide bat eraikiko du. Bidea bakarra bada ere, lanak bost zatitan banatu eta hala eskaini ditu Mank-ek. Lanak, guztira, 2.018.317,38 euroko (BEZik gabe) aurrekontua du.

Lehenengo lotea Irurtzun eta Ergoiena arteko bizikleta ibilbidea egokitzean datza eta 749.922,21 euroko (BEZik gabe) aurrekontua du. Lacunza Hermanos enpresako langileak joan zen astean hasi ziren lanak egiten. Bigarren lotea Arbizu eta Iturmendi arteko zatia da eta hura A. Bengoetxea enpresak eginen du 605.308,54 euroren (BEZik gabe) truke. Hirugarren lotea Urdiain eta Ziordia arteko ibilbidea egokitzean datza. Hori ere A. Bengoetxea enpresak eginen du, horregatik 367.550,48 euro eskuratuko ditu. Lan horiek martxoa despeditu aurretik hasiko dira.

Laugarren lotea Irurtzun eta Agurain arteko seinaleztapenari dagokiona da, eta 122.782,70 euroko (BEZik gabe) aurrekontua du. Azkenik, bosgarren lotea bidean jarri beharreko altzariak, babesak eta bestelakoak jartzeko da. A. Bengoetxea enpresak eskuratu du kontratu hori 172.753,45 euroan (BEZik gabe). Lehen hiru loteetako lanak garilaren 31rako despedituta egon behar dute eta atzeneko bi loteetakoak agorrilaren 31rako.

Finantzazioa
Lana finantzatzeko Mank-ek hainbat ate jo ditu. Hala, aurreneko lotea ordaintzeko Nafarroako Gobernuaren zuzeneko dirulaguntza du, Garraioen eta Mugikortasun Iraunkorraren zuzendari nagusiak hala ebatzita. Bigarren eta laugarren loteetarako dirua Europar Batasunaren Next Generation erakundeak finantzatutako Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planak Plazaola-Sakana-Ultzamaldea Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Planari emandako dirulaguntzak dira.

Hirugarren lotea Garraio eta Mugikortasun Iraunkorraren zuzendari nagusiaren dirulaguntza da. Atzeneko lotea, berriz, Turismoko zuzendaritza nagusiaren dirulaguntza da. Done Jakue Bideko ibilbideetarako toki-erakundeendako dirulaguntza hain zuzen ere. Deialdi hori Europar Batasuneko Next Generation funtsak finantzatu du Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren bidez.

Irizpideak
Ibarreko bizikleta sarea proiektatzeko garaian Mank-ek sei irizpide nagusi izan ditu kontuan. Lehen-lehenik, Sakanako Mugikortasun Sarea sortu nahi izan du. Horretarako, ibilbidearen trazadurak herrien arteko mugikortasuna segurtasunez bermatzea du helburu. Horretarako, besteak beste, nahi izan da Sakanako herri guztiak lotzea, trazadura nagusi baten eta hainbat loturen bidez. Aldi berean, ezaugarri zikloturistak dituen trazadura baten bidez, turismo-gune irisgarri nagusiak lotu nahi izan ditu Mank-ek. Horretaz gainera, Izurdiaga, Uharte Arakil, Etxarri Aranatz eta Altsasuko tren geltokiak eta bizikleta sarea lotu nahi zituen. Trazadura egiterakoan ere pentsatu zuten jarduera ekonomikoko puntuak (industrialdeak edo zerbitzuguneak) trazadura nagusiarekin lotzea.

Horrekin batera, Donejakue bidea kontuan izan dute, eta trazadurak ibarreko ondarearen mugarrietatik pasa behar zuen, esate baterako, Itxasperriko eta Zamartzeko ermita erromanikoak, Bakaiku, Iturmendi eta Urdiaingo herriguneak eta Urdiain eta Altsasuko San Pedro ermita.

Sakanako bizikleta bidea egiteko kontuan izan den beste irizpide bat Eurovelo sarean eskatzen diren parametroak betetzea da. Hau da: bideek bi zikloturista gurutzatzeko adinako zabalera izan behar dute; trazaduran %6 baino malda handiagorik ez egotea; gutxienez luzeraren %80an zolatuta egotea; errepide zatietan zirkulazioak eguneko 1.000 ibilgailu baino gutxiago izatea; zoladurak bizikleta "hibridoak" ibiltzeko modukoak izatea; ostalaritza zerbitzuak, ostatua, konponketa azpiegiturak 30 km-tik behin egotea, baita bizikletak garraiatzeko garraio publiko edo pribatua erabiltzeko aukera ere eta, azkenik, trazadurak urte osoan egon behar du irekita.

Martxan jartzea eta mantentzea errazteko, trazadura egiteko garaian Mank saiatu da mota askotako bide publikoei lehentasuna ematen, dauden bideak erabiltzen. Salbuespen gisa, Nafarroako Gobernuaren sareko trafiko gutxiko errepide zati asfaltatuak erabili dira. Gainera, bide segurtasuna ziurtatzeko trazadurak Nafarroako Gobernuko Herri Lan Departamentuaren oniritzia jaso du. Gainera, dauden herrietako mugikortasun udal planak jaso dira proiektuan

Jarduera bereziak
Sakanako bizikleta sarea egiteko lau lan berezi egin beharko dira. Aurrena Arbizun. Herriaren eta Utzubar industrialdeko errotonda artean bizikletendako bide berri bat eraikiko da. Bide berri hori NA-2410 errepidearen iparraldean eginen da. Tarte batzuetan garai bateko errepide zaharraren trazadura erabiliko da, baina besteetan berria eginen da.

Etxarri Aranazko Utzubar industrialde parean dagoen errepide zaharra bizikleta berrirako erabiliko da. Baina bide zahar hori Etxarri Aranazko Eragako bidegurutzeraino iristen da. Handik herriko errotondaraino bide berri bat eginen da NA-2410 errepidearen hegoaldean. Etxarri Aranatzen bertan, dermioan, bide berri bat egin beharko da bizikleta bide nagusia Lizarragarekin lotzeko. Zehazki, Epertegietako bidea Lizarragako Astarategietako bidearekin lotuko dira. 650 bat metroko luzera izanen du.

Azkenik, Altsasun, Ameztia auzoan, trenbide azpiko bi pasetako zoruan 10 cm-ko porlana botako da. Helburua da zoruak alde batera malda txiki bat izatea eta erreten bat egitea, eta hala euri urak egoki jasoko dira, orain putzu ugari sortzen baitira.

AltzariakIbilbideetan, bidegurutzeetan eta hiri-espazioetan plastiko birziklatuzko altzariak (mahaiak, eserlekuak bizkarraldearekin edo gabe) eta altzairu galbanizatuzko aparkalekuak jarriko dira.

Bidean zehar jarriko dira informazio panelak, interpretazio mahaiak, ibilbidea markatzeko balizak eta norabidea adierazten duten posteak jarriko dira. Gainera, bidegurutzeetan bizikletak daudela eta abiadura 30 km ordura murrizteko seinalean margotuko dira zoruan. Altsasun, lapurreten kontrako lau bizikleta aparkaleku itxi jarriko dira, sei bizikletendako tokia izanen dute. Bi autobus geltokiaren ondoan jarriko dituzte, bat tren geltokian eta atzena tren geralekuan. Bestalde, Uharte Arakilen, Lakuntzan, Etxarri Aranatzen eta Altsasun bizikletak garbitzeko eta urak biltzeko ekipamenduak proiektatuko dira.

Datuak

67,53 km
Bide sarearen luzera.

46,35 km
Irurtzun eta Ziordia artean. 

13,37 km
Arakilgo adarren luzerak.

0,29 km 
Uharte Arakilgo tren geltokirako adarra. 

5,75 km 
Ergoienarako adarraren luzera. 

1,75 km
Etxarri Aranazko tren geltoki eta kanpinerako adarraren luzera.