Areto futboleko lehen maila autonomikoko 21. jardunaldian Arbizu Kirol Taldeak Universidad de Navarra hartu zuen Arbizun. Liderra sendo hasi zen, eta 26. minuturako 3-0 aurreratu zen Arbizu, Andoni Goikoetxea, Urtzi Nazabal eta Iosu Reparazi esker. Universidad de Navarrak ongi erantzun zuen eta 3-2 gerturatu zen, baina azken txanpan Iosu Reparazek sartutako laugarren golarekin 4-2 gailendu zen Arbizu.
Altsasuk ere garaipenaren xendan jarraitzen du. Gazte Berriaken kontra jokatu zuen Antsoainen, eta altsasuarrek hasieratik kontrolatu zuten partida. 0-5 irabazi zuen Altsasuk, Denis Javier Ordoñezek (3) eta Asier Salgadok (2) sartutako golei esker.
Arbizu Kirol Taldea liderrak 52 puntu ditu, eta Altsasu bigarrenak 47 puntu. Ligako 22. jardunaldian Arbizuk sailkapenean laugarren den Ribera de Navarra taldea izango du aurkari Tuteran, martxoaren 22an, 12:30ean. Altsasuk, aldiz, sailkapenean bederatzigarren den Anaitasuna taldea hartuko du martxoaren 22an, 16:00etan, Zelandin. Bi taldeek irabazten badute, datorren denboraldian hirugarren mailan jokatuko dute.