Beñat Rezusta

"Gurea ongi egiten badugu, berriz ere irabazteko gai izango gara"

Guaixe 2025ko mar. 26a, 12:00

Beñat Rezusta txapelketa ikaragarria ari da egiten.

Binakako finalean Artolaren eta Mariezkurrenaren erauntsiari aurre egiteko prest dago Beñat Rezusta Muguruza atzelari bergararra, Joseba Ezkurdiarekin batera. "Guk ere mina egiteko aukera badugu" 

Beñat Rezusta "gustura eta pozik" dago Joseba Ezkurdiarekin Binakako finalera heldu delako.

Bergararra, atzelari fidagarria eta ezkerra. Beti nabarmentzen da ezkerra zarela.
Bai, atzelaria naizelako. Askotan entzun izan dut ezin dela atzelari ezkerra izan.

Argi erakutsi duzu ez dela hala. Pilota denak ez badira ia guztiak ezkerrarekin jotzen dituzu.
Bai, bakoitzak jokatzeko bere era du. Beste batzuk badaude ezkerra apenas erabiltzen dutenak, ahal dena eskuinarekin jotzen dutena. Txikitatik atzelari gisa eroso aritu naiz ezkerrarekin.

Zure bikotekideek jokoa moldatu behar izaten dute ezkerra zarelako?
Jokatzeko orduan agian pixka bat bai. Uste dut Joseba sakeetan saiatzen dela zabalaldia gehiago zaintzen. Eta pilota ere, ezberdin etorriko zaio.

Betidanik atzelari fina izan zara, baina azken urteetan Zabaleta bezalako jotzaile handiek agian zure lana beste plano batean utzi dute. Une honetan modako atzelaria zara.  
Askotan xehetasun txiki batzuk eragiten dute zu ondo-ondo ibiltzetik pixka bat jaitsi eta agian lehen plano horretatik irteteko. Aurten gustura gabiltza, eta holako aukerak aprobetxatu egin behar dira, disfrutatzeko, finalak ez direlako askotan izaten. Uda ere polita izan zen niretako, Josebarekin gustura aritu nintzelako; emaitza onak lortu izan ditugu elkarrekin.

Ezkurdiarekin jokatuko zenuela jakin zenuenean zer sentitu zenuen? Berarendako oso pozgarria izan da.
Niretako baita ere. Hala bizi dut. Urte dezente daramatzagu biok profesionaletan, baina orain arte ez da txapelketa elkarrekin jokatzeko aukera eman. Hortaz, oso pozik gaude. Txapelketa ona egitea espero genuen, baina hortik finalera sailkatzera tarte bat dago. Ea aprobetxatzen dugun.

Beteranoa izatea gradu bat dela erakusten ari zarete. Ikusgarri ari zarete.
Gurea pilotara jokatzeko adin ona dela pentsatzen dut, baina gaur egun plantillak oso gazteak dira. Horregatik bikote beteranoa izendatu gaituzte. Ni ondo sentitzen naiz, eta Joseba oso ondo ikusten dut. Hasieran gure izena ez zen faboritoen artean agertu, eta egindakoarekin pozik gaude.

Ezkurdiak dio lasai dagoela atzean, zurekin sekulako pareta duelako. Onenean zaudela sentitzen duzu?
Une batzuetan hobeto edo okerrago nengoela sentitu izan dut, baina behintzat tantoa ez galtzeko konfiantzarekin nago. Eta hori inportantea da. Nahiz eta gehiago edo gutxiago jo, garrantzitsua da akats gutxi egitea. Josebak zerikusi handia du horretan, pilota txar mordoa kentzen dizkidalako, eta niri horrek konfiantza handia ematen dit. Eskubirantz doazen pilotetan askotan bera sartzen da, edo bolean sartzen da eta defentsatik erasora pasatu. Halakoek asko laguntzen naute. Une onean nago, konfiantzarekin eta partidak irabazten joateak ematen duen lasaitasunarekin.

"Josebak pilota txar mordoa kentzen dizkit. Niri horrek konfiantza handia ematen dit"

Nafarroa Arena pilota astintzeko primerakoa da. Gehiegi, akaso.
Atzera kargatzeko frontoi ona da, baina zentzu horretan ez dut kezkarik. Badakit Josebak bolearekin mina egingo duela, eta ni saiatuko naiz aukera dudanean aprobetxatzen; guk ere mina egiteko aukera badugu. 

Artola eta Mariezkurrena finalean zu lehertzera aterako dira berriz.
Euren jokatzeko era da. Jonek edozein tokietatik pilota oso urruti jartzen du, eta Artola bi baten kontrako hori egiteko oso aproposa da. Badakit lan asko egin behar izango dudala, askotan oso urrutitik, baina obsesionatu gabe. Joseba ahal denean sartuko da laguntzera. Pazientziarekin, partida luzea tokatzen bada horretarako prestatuta joan, eta borrokatzera. Aurretik gai izan gara eurak irabazteko, eta gurea ondo egiten badugu, berriz gai izango gara. 

Binakako bi txapela dituzu, 2017an Irribarriarekin eta 2019an Elezkanorekin lortutakoak. Urte batzuk pasata, ilusio berezia emango lizuke hirugarren txapela lortzeak?
Bai, urte horiek pasa eta gero berriz hor egoteagatik, eta Josebarekin izatearren, dugun harremanagatik. Dugun guztia jarriko dugu txapela lortzeko.

Txalo asko jaso dituzue orain arte.
Pilotan zorte handia dugu, kirol gutxitan izango dira besteen zaleek zure tantoak eta zure garaipenak ere txalotzen dituztenak. Donostian Lasok eta Iztuetak zale asko zituzten, baina hamaseigarren tantoan jende askok txalotu gintuen, eta eskertzen dugu. Finala irabazi edo galdu, ospatu beharra dago.