Nafarroako Euskal Pilota Federazioak aurkeztutako Nafarroako pilota eta erreminta selekzioan hiru sakandar daude: Aaron Arbizu eta Iosu Igoa pilotari etxarriarrak, biak Irurtzun klubekoak, eta Gure Pilotako Maialen Larraza palista etxarriarra. Irurtzun klubeko Salaberria anaiak, Endika Santesteban eta Javier Cuairán pilotariak daude ere selekzioan.
Nazioarteko Pilota Federazioak Euskadiko Pilota Federazioaren ofizialtasuna onartu eta gero sortu den hika mikan, Nafarroako Pilota Federazioko presidente Andrea Lusarretak Euskadiko federazioaren jarrera legitimoa aitortu du. Nafarroako selekzioa GABNI txapelketan murgilduta dago, normaltasunez. Errioxa kanpoan gelditu da, gatazka dela eta.
Larrazaren garaipena
Asteburuan Euskal Herriko pilota selekzioak biltzen dituen GABNI txapelketako bigarren jardunaldia jokatu zen. Nafarroako selekzioak Arabakoa izan zuen aurkari eta jokatutako 35 partiden artean 32tan Nafarroa gailendu zen, 22 frontoian eta 10 trinketean.
Tartean, Maialen Larraza palista etxarriarrak Zabalzarekin osatu zuen bikoa, eta 11-30 hartu zituzten mendean Arabako Barrio eta Ayucar.