Etxarri Palestina Elkartasun taldeak deituta, Genozidioa stop leloa zuen kontzentrazioa egin zen Etxarri Aranatzen ostiral iluntzean. Palestinaren askatasuna aldarrikatu eta Israel egiten ari den genozidioa salatzearekin batera, Gernika Palestina dinamikak deituta Donostian larunbatean egin zen manifestazioan parte hartzea deitu zuten. Bestetik, martxoaren 24rako ikastetxeen atarietan deituta zeuden.
Irurtzungo plazan Israel estatu terrorista, Palestina askatu lelopean egin zuten larunbatean bilkura EHKS alderdiak deituta. EHKSko kideek salatu zutenez, su-etena hautsi ondoren, Israel "estatu supremazistak ez du akordiorik nahi, eta palestinar herriaren aurkako genozidioarekin aurrera jarraitzeko asmoa du". Ameriketako Estatu Batuen rola salatzearekin batera, EHKSko kideen iritziz Europa "erabat lerratuta dago oligarkia atlantistaren interesekin, eta beraz, baita estatu sionistarekin ere". Salatu zuten "Europar Batasuneko herrialdeek sionistekin harreman diplomatiko, ekonomiko, eta militarrak izaten jarraitzen" dutela, eta denek ahalbidetzen dutela palestinarren genozidioa". EHKSk, bestalde, gogor kritikatu du berriz "sozialdemokraziak defendatzen duen bi estatuen irtenbidea"; "Israelen izaera kolonialagatik ezinezkoa izateaz gain, gatazkaren erroa estali eta estatu sionistaren existentzia legitimatzen" duelako.
Palestinarekin Elkartasuna plataformak deituta, Altsasuko udaletxe parean Israel genozida, Palestinar erresistentzia aurrera lelodun kontzentrazioa egin zen larunbatean. Bilkuran "sionismoaren izaera genozida" salatu eta Palestinar erresistentziari babesa erakutsi zioten. Adierazi zutenez, "Israelen desagerpena da sarraskia geldiarazteko aterabide bakarra eta, zentzu horretan, ezinbestekoa da Israelekin harreman oro etetea".
Gure Haurrak ere Badira ekimenak deituta, ikastetxeetako ateetan protesta egitera deituak zeuden hezkuntza komunitateak gaur goizerako. Hala egin dute, esate baterako, Etxarri Aranazko eskola eta ikastolako komunitateek. Hiltzen ari direnak gure haurrak ere badira, aski da! leloa zuen gaurko deialdiak. Ekimeneko kideek adierazi dutenez, "beste behin ere, Palestinako herriaren suntsipen sistematikoaren lekuko izan behar dugu. Gure barrenak berriz ere irauli dizkigute eta inpotentzia nagusi da. Jada suntsitua den herrialdean, hondakin artean bizi diren gizon, emakume eta haurrak, bonbardatzen ari dira inolako bereizketarik gabe". Bitartean "Europak beste aldera begiratzen du, lotsagabeki". Gazan gertatzen denaren aurrean "ezin gara isilik geratu. Ezin dugu basakeria hau normalizatu. Erailtzen ari diren haur horiek gure seme-alabatzat hartu, guraso horiek gure arreba-anai bezala sentitu eta lau haizetara oihukatu behar dugu: aski da!" Ikastetxeen atarietatik "gure gobernu eta erakundeei genozidio horren kontra argi eta tinko posiziona daitezela" eskatu dute. Baita "euskal herritarrok sarraski horren konplize izan ez gaitezen neurriak har ditzatela" ere.