Asteburuan erregional mailak 25. jardunaldia egon zen jokoan.
Altsasuk Iruñean jokatu zuen, Amayaren kontra. Partida oso borrokatua izan zen, bi taldeak parez pare ibili zirelako. 20. minutuan Jon Lopez de Goikoetxeak Altsasu aurreratu zuen, baina berehala bana berdindu zuen Amayak, eta atsedenaldia baino lehen 2-1 aurreratu zen. Bigarren zatian partidari buelta ematera atera zen Altsasu. Joaquin Angelek bina berdindu zuen eta 70. minutuan 2-3 aurreratu zen Altsasu. Partida Altsasuren garaipenarekin despedituko zela zirudienean, 86. minutuan hiruna berdindu zuen Amayak eta puntu banaketarekin despeditu zen lehia.
Etxarri Aranatzek garaipen sendoa lortu zuen Asdefor taldearen kontra, Amigon. Partida hasi eta berehala, 14. minuturako, 0-2 aurreratu ziren etxarriarrak Markel Razkinek eta Jon Erdoziak sartutako golei esker. Bukaera aldera, 84. minutuan Xabat Goikoetxeak etxarriarren hirugarrena sartu zen, eta deskontuan 1-3 hurbildu zen Asdefor. Horrela despeditu zen lehia.
Lagun Arteak Lekunberriko Beti Kozkor hartu zuen Zelai Berrin eta lakuntzarrek garaipen polita lortu zuten, 3-0 irabazita. 26. minutuan Mikel Agirrek Beti Kozkorren atea zulatu zuen eta lehen zatiko luzapenean iritsi zen Lagun Artearen bigarren gola, Gaizka Sagarzazuk lortutakoa. Bigarren zatian ildo beretik jarraitu zuen partidak. Mikel Ieregik 68. minutuan Lagun Artearen hirugarrena sartu zuen, eta markagailua ez zen gehiago mugitu.
Datorrena
Altsasu liderrak beste puntu bat gehitu du eta 71 ditu. Bigarrena San Jorge da (59 puntu), eta hirugarren Etxarri Aranatz (55 puntu). Lagun Artea seigarren postura igo da (42 puntu). 26. jardunaldian Altsasuk sailkapenean bigarren den San Jorge taldea hartuko du martxoaren 29an, larunbata, 17:45ean, Dantzalekun. Etxarri Aranatzek egun berean Mendillorri hartuko du, 17:00etan San Donato zelaian. Lagun Arteak ere etxean jokatuko du. Martxoaren 29an, 12:00etan, Leitzako Aurrera taldea hartuko du.