Martxoaren 25ean Nafarroako Kirol Teknikarien Ëlkarteak (NAKITEL) antolatutako Udal Kudeaketari Buruzko III. NAKITEL Jardunaldiak izan ziren Iortian. Sakanako Mankomunitateko kirol koordinatzaile Amaia Gerrikagoitia NAKITEL-eko juntan dago. "Aurreko jardunaldiak Lerinen eta Azkoienen izan ziren, eta iparraldean egitea tokatzen zen. Horregatik, Altsasu". Jardunaldietan Nafarroako kirol teknikariak eta FAGDE (Federacion de Asociaciones del Deporte en España) federazioko kideak bildu ziren.
Zahartze aktiboa, Sakanan
Kirol teknikariek euren egunerokotasunean eta lanbidean dituzten erronkak, berrikuntzak, lan jarduerak eta egungo gaiak eta araudiak izan zituzten hizpide. Zenbait ponentzia izan ziren, tartean Altsasuko Udaleko kirol teknikari Sara Salazarrek aurkeztutakoa, Altsasuko kirol eta osasun programari buruzkoa. Bertan, besteak beste, zahartze aktiborako eta haurren obesitatearen kontra udalean lantzen diren programen berri eman zuen, osasun zentroarekin eta Sakanako Mankomunitatearekin koordinatuta aurrera ateratzen direnak: haurren obesitatearen prebentzioko kirol errezeta, Altsasu mugitzen ari da, Mugitu, Vivifrail... Hain zuzen ere, horregatik Altsasuko Udalak 2024ko Nafarroako Kirol Saria jaso zuen, "kirola eta osasuna modu integralean lantzeko izan duen ikuspegi eredugarriarengatik". Sari hori bera 2021ean jaso zuen Sakanako Mankomunitateak, Sakana Eskualde Aktiboa Zerbitzuagatik eta Etxean Bizi programarengatik.
Sara Salazar eta Amaia Gerrikagoitiak gurean martxan jartzen diren zahartze aktiborako programek harrera ezin hobea dutela nabarmendu zuten, parte hartzea primerakoa dela. "Gure erronka pertsonen bizi kalitatea hobetzea da, ariketa fisikoaren bidez" nabarmendu zuten bi kirol teknikariek. Sakanako osasun etxeekin koordinatuta egiten dute lan, eta Dani Echavarri kirol orientatzailea da Sakana guztian barna programa garatzen duena.
Amaia Gerrikagoitia: "Iortian bildutako kirol teknikarien onespena ikustea motibagarria izan zen guretako, sari edo aitortza bat"
Iortian bildutako kirol teknikariak harrituta geratu ziren Sakanan lantzen diren programekin. Galdera asko egin zituzten. "Lantzen ditugun programa hauek ez dira berritzaileak, baina ez dira Nafarroako eskualde guztietan garatzen. Batzuek ez dute osasun etxeekin hitzarmena sinatzea lortu, edo eguneroko programekin gainezka daude..." azaldu du Gerrikagoitiak. Sakanan 2019an hasi ziren programa hauek lantzen. "2019an osasun etxeekin hitz egin genuen, baina pandemiaren ondotik hasi ginen fundamentuz, 2021 urtean. Ordutik Sakanako herriak programa martxan jartzera batzen joan dira eta jarduera gehiago etorri dira".
Prebentzioa, ezinbestekoa
Nafarroako zenbait tokitan garatzen diren kirol programetan, pertsonek dituzten gaitzengatik ikastaro batera edo bestera bideratzen dituzte, "baina gu haruntzago goaz. Pertsona ez aktiboak bilatzen ditugu, eurekin prebentzioa lantzeko, hau da, zahartzeko mendekotasuna eta sor daitezkeen zenbait patologia prebenitzeko".
Sakanan lantzen diren programa hauek gainontzeko kirol teknikariengan "arreta handia" piztu zutela nabarmendu du Gerrikagoitiak. "Egia esan, Nafarroa mailan oso antolaketa ona dugu. Kirol teknikarien interesa eta onespena ikustea motibagarria izan zen guretako, sari bat bezalakoa, errekonozimendu bat" dio Gerrikagoitiak. "Bertakoek, hau da, sakandarrek, baloratzea gehiago kostatzen da" gaineratzen du, irribarrez.