Astekaria

"Sistema dagoen bezala mantentzeko balio duen erreminta bat da arrazakeria"

Alfredo Alvaro Igoa 2025ko api. 2a, 13:30

Beatriz Villahizan Lagunas eta Agustin Cuevas Ladron de Gebara azalpenak ematen.

Eskubide urraketa, salaketa eta testigantzaz betetako arrazakeriari buruzko urteko txostena aurkeztu dute Beatriz Villahizan Lagunasek eta Agustin Cuevas Ladron de Gebarak, Nafarroako Sos Arrazakeriako kideak. Egoeraz eta haien egitekoaz aritu dira.

Hegoafrikan apartheidaren kontrako manifestazio baketsua 1960ko martxoaren 21ean. Polizia agertu, tiro egin eta 69 pertsona hil zituen. Horren ondorioz, Nazio Batuen Erakundearen Biltzar Nagusiak Arraza Diskriminazioa ezabatzeko Nazioarteko Egun gisa hautatu zuen martxoaren 21. Hori dela eta, Sakana Harrera Haranak elkarretaratzea deitu zuen egun horretarako. Eta Nafarroako Sos Arrazakeria gonbidatu zuen, bere urteko txostena aurkez zezan. 

Jendarteak zer ulertzen du arrazakeria gisa?
Agustin. Askotan irain gisa hartzen da. Negatiboa den zerbait bezala hartzen da.  
Beatriz. Arrazista deitu edo arrazakeria seinalatzen duzunean, jendeak erasotua sentitzeko joera du azken aldian. Eta ukatzeko edo ez dela justifikatzeko beharra sentitzen du. Arrazakeriaren ukazioaren edo justifikazioaren puntu horretan gaude. 

Esaldi hasiera hau: "ni ez naiz arrazista, baina..."
B. Antiarrazakeriak hori arrazakeria nazkagarri gisa definitzen du. Arrazakeriak bere burua ukatzeko duen modua da. Hor leudeke jarrera arrazistak antzematen ez dituzten pertsona guztiak. Arrazakeriak nola jokatzen duen ere ez dute igartzen. Arrazializatutako pertsonak diskriminazio objektu gisa ez dituzte aitortzen. Orduan arrazakeria ukatu edo justifikatzen dute. 
A. Pertsona arrazista dela ukatu eta, aldi berean, jarrera arrazistak justifikatzea. 
B. Handira, makrora joanda, norbera zapaltzaileen parte gisa ez ikusteko nahia litzateke. Muturren aurrean dagoen arazoaren aurrean begiak estaltzea eta besteari legitimazioa kentzea. Bestea eskubideen subjektu politiko gisa ez hartzea, bere ahotsa duena, gertaera bat seinalatzen ari dena. Atzera ere zuk boterearen jabetza duzu: zapaltzeko logikarekin arrazismoa ukatzen duzu, zapalduz. "Ez naiz zapaltzailea. Gainera, nik esanen dizut zer den arrazakeria". Zapalduak ez, zapaltzaileak seinalatzen dizu zer den arrazakeria. 

"Jatorria, berezko kultura, erlijioa, aurpegiera... aitzakiak dira era negatiboan diskriminatzeko, desberdintasun bat egin eta eskubideak kentzeko"

Zer da arrazakeria?
B. Benetan denaren aitortzarik ez dago. Sistema dagoen bezala mantentzeko balio duen erreminta bat da arrazakeria. Hau da, gutxiengo pribilegiatu batek botere sozial, ekonomiko eta politikoa, errepresentazioa eta ordezkagarritasuna izatea gehiengo baten gainean. 
A. Jatorria, berezko kultura, erlijioa, aurpegiera... aitzakiak dira era negatiboan diskriminatzeko, desberdintasun bat egin eta eskubideak kentzeko. 
B. Gizatasuna kentzea da. Hala asmatu zuten duela 500 urte, baina modernizatu da. Orain oinarriak ez dira genetikako teoriak, duela mende erdi bezala. Dagoeneko ez dugu arrazaz hitz egiten. Baina berdin dio, kontzeptu politiko gisa arrazializazioa dagoelako. Hau da, zure jatorri, izaera edo sinesmen sistemagatik kriminalizatzen zaituzten makina bat etiketa dituzu, eta zuk eskubide gutxiago izatea justifikatzen dute, ustez normalizatua dagoen populazioak baino eskubide gutxiago merezi izatea. Testuinguru bakoitzean aldatu egiten da hori, jakina. 

Zer diskriminazio mota atzeman dituzue?
B. Oinarrizko eskubideetarako sarbidea ukatzeak eta zailtasunak. Arlo guztiak: osasuna, lana, hezkuntza, etxebizitza...
A. Arrazakeria egiturazkoa dela diogunean da pertsona migratu, arrazializatu edo ijito baten bizitzaren alderdi guztiei eragiten dielako. Beti. Espazio publikoetan eta pribatuetan. Erakundeek haien eskubideak etengabe urratzen dituzte. Joan den urteari dagokion txostenean dago: eskubideen urraketen %76 erakundeek egin dituzte. Haiek bermatu beharko lituzkete eskubide horiek, baina urratzaile nagusiak dira. Izugarri larria da. Horrekin bukatu behar dela esateaz ez gara nekatuko. Gure egitekoa da, daudenean, eskubide urraketa horiek identifikatzea eta seinalatzea. Ez pertsona jakinetan indibidualizatzea, baizik eta kontatzea sistema nola egituratzen den, nola birsortzen den, baliatzen den eta gutxi batzuendako aberastasuna sortzen duen desberdintasun horietan oinarrituta. 

Errazago ikusten da pertsona bati emandako kolpea, erakundeek gizartean ezarritako egitura bera baino. 
B. Hala da. Jarrera indibidualak daude, baina egiturazko dinamika horri erantzuten diote. Ez da kasualitatea pertsona batek beste bat diskriminatzea. Ez da kasualitatea edozein arlotan migratu eta arrazializatutako populazioarekiko begirada arrazista egotea. Ez da kasualitatea polizia batek erabakitzea pertsona jakin bat gelditzea eta beste bat ez. Ez da kasualitatea segurtasun agente batek erabakitzea pertsona bat denda guztian zehar jarraitzea lapurtzen ari den edo ez ikusteko. Ez da kasualitatea irakasle batek espero izatea arrazializatutako ikasleak mantsoago ikastea, edo gutxiago ikastea, nota txarragoak izatea edo okerrago portatzea. Ez da kasualitatea gizarte babes moduko sistema batek espero izatea jatorri jakinetako amek amarena okerrago egitea, edo okerrago zaintzea, edo gizarte babes sistemaz baliatu nahi izatearen susmagarri izatea. Ez da kasualitatea gauean kaletik doazela, pertsona batzuk atzean duten pertsonaren arabera beldur gehiago edo gutxiago sentitzea. Errefusatze horren aurretik edo nik diskriminazioa eragitearen aurretik planifikazio bat dago. 

"Errefusatze horren aurretik, edo nik diskriminazioa eragitearen aurretik, planifikazio bat dago"

Zuen txostenetan jasotako diskriminazioetan, urtez urteko bilakaerarik sumatu duzue?
B. Egoera sozioekonomiko zailean dauden, etxebizitzarako sarbide zaila duten edo kalean bizi diren pertsonen egoera eta bizi baldintzen larriagotzea dago. Hiriko toki jakinetan polizia gehiago dago. Identitate kontrol arrazista kopuru handiagoa da. Hitzordu tranpa gehiago ematen dira. 

Diskriminazio horiek salatzeaz aparte, beste biderik jorratzen duzue? 
B. Parte garen edo aliantzak ehuntzen ditugun gizarte eta politika espazioek arrazakeriaren kontrako ikuspegia bere egitea. Arrazakeriak nola lan egiten duen kontziente izan daitezela, eta hura salatzeko tresnak sor ditzatela. Eta, batez ere, tresnak migratutako eta arrazalizatutako populazioak antolakuntza eta eskubideen urraketei aurre egiteko gaitasuna izan dezan. Egituratzeko eta indarberritzeko espazioak izan ditzala. Sistemak erruaren, kriminalizazioaren eta zigorraren indibidualizazioa egiten du etengabe. Erronka da hori gainditzea. 

Erakundeen ateetan jotzen segituko dugu. Arartekoak, bitartekaritzak eta bestelakoak erabiltzen ditugu. Jurisprudentzia aldatzeko, modu estrategikoan auzitan ibili beharra dago. Justiziaren bideak ez du asko zuzentzen egoera. Norbanakoen salaketak neketsuak direla jakitun gara. Zeren biktimaren bizkar gainean dago aurre egiteko lana, gorputza eta denbora jartzea, eta berea eta etorriko dena zuzentzeko inbertsioa. Hori ere pertsonen konpromiso politikoa da ere. Zeren gure bulegora etortzen den jende asko jakitun da gertatu zaiena ez dela konponduko. Baina ez dute beste inori gertatzea nahi. Motibazio horrek jendeak salatzera eramaten du. 

A. Bestelako bideak ere badaude, esaterako, salaketa publikoa. Egoera ikusgarri egiteko Iruñean manifestazioa egin zen martxoaren 22an. Baina zerbait gertatzen denean ere, salaketa publikoa, halakorik ezin duela etengabe gertatzen segi adieraztea. Eta halakoak bizi dituzten pertsona horiek laguntzen ditugu, pertsonek arrazismoak utzitako zauri hori sendatzeko. Normalean, salatzen denerako, etengabe jasan duen pertsona horren duintasunaren muga pasa du. Askotan ere nekeagatik. Edo hain larria den zerbait pasa da pasatzen utzi ezin dela. Halakoak ez salatzea infrasalaketa da, eta asko dago. Beraz, SOS Arrazakeriak jasotzen duena egunero pasatzen denaren oso lagin txikia da. Urteroko txostenarekin egunero pasatzen den horri ikusgarritasuna eman nahi diogu. 

"Gure bulegora etortzen den jende asko jakitun da gertatu zaiena ez dela konponduko. Baina ez dute beste inori gertatzea nahi"

Herritarrei zer eskatzen diezue? 
B. Populazio txuriari zuzentzen natzaio. Eskubideen diskriminazioaren aurrean antola daitezela. Uler dezatela sistema honek nola lan egiten duen eta izate hutsagatik zer pribilegio dituzten. Eta antolatuta dagoen populazio txuriari, pribilegio horiek zerbitzura jartzeko konpromiso politikoa har dezala, eta norberak egiten dituen borrokak politizatu ditzala. 

A. Konturatu daitezela sistemaren margenetan dauden pertsonen eskubideak nola urratzen diren. Urraketa hori progresiboa da, ez dizu babesten, gu guztion eskubideen bila baitatoz. 

B. Margena laborategi gisa darabilte. 

A. Elkartasun sareak sortu, zeren gaur batzuen bila doazelako, baina bihar gainontzeko guztion bila.