Futbola

Altsasu liderraren garaipenak mesede egin dio Etxarriri

Guaixe 2025ko api. 1a, 10:47

Etxarri Aranatz San Jorge bigarrenetik puntu batera jarri da. ETXARRI ARANATZ K.E.

Etxarriarrak San Jorge bigarrenetik puntu batera jarri dira. Lagun Arteak berdindu zuen eta seigarren da erregional mailako sailkapenean

Erregional mailako 26. jardunaldiak 7 puntu gozo utzi ditu Sakanan. 

Altsasu liderrak mesede handia egin zion sailkapenean hirugarren den Etxarri Aranatzi, bigarren den San Jorgeri 2-1 irabazi baitzion. Altsasuk eta San Jorgek lehia estua izan zuten. Unai Calvok Altsasu aurreratu zuen, baina atsedenaldia baino lehen bana berdindu zuen San Jorgek, penaltiz, eta bigarren zatian partidak bizi-bizi jarraitu zuen. Julen Floresek sartutako golarekin, 2-1 gailendu zen oraindik galtzea zer den ez dakien Altsasuk. 

Etxarri Aranatzek Mendillorri taldea hartu zuen San Donaton eta etxeko lanak ongi egin zituen, lehen zatian 3-1 aurreratu baitzen Oinatz Carreño, Xabat Goikoetxea eta Javier Fernandez de Garaialde Lazkanori esker. Bigarren zatian 3-2 hurbildu zen Mendillorrik, baina Etxarrik partida ongi lotu zuen eta Mattin Altzelaik eta Joanes Mikeok itxi zuten norgehiagoka, Etxarri 5-2 gailenduz. 

Lagun Arteak Leitzako Aurrera taldea hartu zuen Zelai Berrin. Yonatan Davilak Lagun Artea aurreratu zuen, baina Joanes Oiartzunek bana berdintzea lortu zuen. Bigarren zatian lehia bizian jarraitu zuten bi taldeek, eta atzera ere Yonatan Dávila izan zen Lagun Artea aurreratu zuena. Partida garaipenarekin bukatuko zela zirudienean, 89. minutuan Leitzak binakako berdinketaren gola sartu zuen eta puntu banaketarekin despeditu zen lehia. 

Datorrena
Altsasuk lider sendo jarraitzen du (74), San Jorge 15 puntura duela (59 puntu). San Jorgek galdu ondoren, Etxarri Aranatz hirugarrena puntu eskas batera dago (58 puntu), eta Lagun Artea zazpigarren postura jaitsi da (43 puntu). Apirilaren 5ean, 16:00etan Berriozarren jokatuko du Altsasuk, sailkapenean zortzigarren den Berriozarren kontra. Etxarri Aranatzek egun eta ordu berdean sailkapenean hamargarren den Aurreraren kontra jokatuko du, Leitzako Ardiskilen. Egun berean, baina 16:30ean, Lagun Arteak sailkapenean hamahirugarren den Beti Onak B izango du aurkari Atarrabiako Peritosen.