Areto futbola

Arbizu edo Altsasu, liderra Zelandik erabakiko du

Guaixe 2025ko api. 4a, 13:00

Altsasu, Arbizu eta Aralar Mendi taldeak elkarrekin, I. Sakanako Areto futboleko kopan. ARTXIBOA

Lehen maila autonomikoko derbia hartuko du Zelandik apirilaren 5ean. Arbizu da liderra eta Altsasu bigarrena, bi puntuko aldearekin. Lidergoa dago jokoan, pike oso sanoarekin. "Garrantzitsuena da liga Sakanan geratuko dela" dio Altsasuk

Areto futboleko lehen maila autonomikoan 24. jardunaldia jokatuko da asteburuan. Jardunaldi berezia da, apirilaren 5ean Zelandik Altsasuren eta Arbizu Kirol Taldearen arteko derbia hartuko duelako. Bi taldeak sailkapenenaren gorenean daude: Arbizu liderra (55 puntu), eta Altsasu bigarrena (53 puntu). Beraz, ligako lidergoa dago jokoan Altsasun, derbia are bereziago egingo duena. Liga despeditzeko hiru jardunaldi falta dira, eta horietako batean atsedena hartzea dagokio Arbizuri. Hortaz, puri-purian dago guztia. "Altsasuk derbia irabaziko balu, lider jarriko litzateke eta gainontzeko bi jardunaldietan berdinketa bat lortzearekin, liga irabaziko genuke. Beraz, asko dago jokoan" azaldu du Altsasu Kirol Elkarteko Goyo Rodriguez Marquez jokalariak.  

Hasteko, emakumezkoen lehia
Altsasuk eta Arbizuk harreman oso ona dute. Elkarri laguntzen diote, eta elkarrekin eta Uharte Arakilgo Aralar Mendirekin batera antolatu zuten I. Sakanako Areto Futbol Txapelketa, irailaren 7an jokatu eta Altsasu Futsal taldeak irabazi zuena. Horregatik, zerbait berezia antolatzea pentsatu zuten, nolabaiteko areto futbol festa txikia. "Arbizuko Endika Mendinuetarekin hitz egin, eta derbia egun berezia izatea adostu genuen. Horrela, lehenik eta behin emakumezkoen kadete mailako Altsasu eta Arbizu taldeen arteko partida antolatu dugu, 16:30ean hasiko dena. Emakumezkoen areto futbola sustatu nahi dugu, gure taldeei ikusgarritasuna eman" azaldu du Goyok. Ondoren, 18:30ean, lehen maila autonomikoko Altsasuren eta Arbizuren arteko derbia hasiko da. 

Arbizuk denboraldi ikaragarria darama, eta liderra da aspalditik. Altsasu ikusgarri ari da baita ere, bi puntura baitago. "Ongi entrenatzen ari gara, eta ilusionatuta gaude". Miguel Barrero da Altsasuko entrenatzailea, garai batean Koxka taberna taldeko entrenatzailea izan zena, 2014an Koxkak IV. Areto Futboleko Kluben Arteko Estatuko Txapelketa irabazi zuenean edo 2015ean Koxka XIX. Europako kluben arteko UEFS Cup txapelketako txapeldunordea izan zenean, Errusiako Podvodnik taldearekin final estuan 6-3 galdu eta gero. 

Bi taldeek lehia eta pike oso sanoa dute. "Jakina, guk irabaztea nahi dugu, baina galduz gero Arbizuk liga irabazteagatik poztuko ginateke. Liga Sakanan geratuko da, eta hori da garrantzitsuena" nabarmendu du Goyo Rodriguezek. "Derbiko 50 minutuetan dena emango dugu eta arerioak izango gara, baina hortik kanpo elkarren artean laguntzen garen taldeak gara, anaitutako klubak. Beraz, onenak irabaz dezala, baina, bereziki, zaletuek irabaz dezatela". Zaletuei Zelandira hurbiltzeko deia egin diete, areto futbol arratsalde polita pasatzera.

Giro ederra espero da
Altsasuk taberna txikia jarriko du Zelandin, bildutakoek zerbait hartzeko aukera izan dezaten. "Azkeneko partidetan jende asko etorri da Zelandira gu animatzera. Berriz ere areto futbolarekin ilusionatu da jendea, eta hori da nahi duguna. Garai batean jokatzen zen tabernen arteko torneotik ez genuen Altsasun areto futbolaz gozatzen, eta horri buelta eman diogu". 

Derbian zer gerta, momentuz Arbizuk eta Altsasuk lehen liga autonomotik hirugarren mailara igotzea lortu dute. "Jendea animatu da, eta datorren urtean hirugarren mailakoa, autonomikoa eta emakumezkoena aterako ditugu. Jendea berriro ere ilusionatu izana sekulakoa da".