Udaberriko aurreneko Euskaraldirako hilabete eta erdi besterik ez da falta. Elkar mugituz eginen dugu leloa hartuta, euskaldunak eta hizkuntza ulertzen dutenak euskararen erabilera sustatzeko mugimenduaren parte izatera gonbidapena jaso dugu.
Laugarren edizioa. Euskaraldia errotua dago?
Baietz esatera ausartuko naiz! Uste dut Euskaraldiak dagoeneko baduela izen bat, anbizioa duen ekimena da. Aldi berean, noski, aldaketa eta sortze prozesuan dago etengabe.
Jendarteak barneratu du zer proposatzen duen Euskaraldiak?
Euskaraldiak proposatzen duena geroz eta ezagunagoa da jendartean, ikerketek ere hala diote, baina barneratzea badakigu ez dela erabatekoa. Hau da, jende askok jakin badaki Euskaraldiaren helburua hizkuntza ohiturak aldatzea dela, baina horrek ez du esan nahi denek benetan praktikan paratzen dutenik edo ekimenaren funtsa sakonki barneratu dutenik. Ezagutza handitu da bai, baina praktika sendotzea da benetan aurtengo edizioko erronka nagusienetako bat!
"Ezagutza handitu da bai, baina praktika sendotzea da benetan aurtengo edizioko erronka nagusienetako bat!"
Eta zer da zehazki proposatzen duena?
Euskaraldiak, modu indibidual zein kolektiboan, hizkuntza ohituren berrikuspena egin eta horiek euskarara hurbiltzeko proposamena egiten du. Ariketa praktikoa da, euskara, gehiago, gehiagotan eta jende gehiagorekin egiteko elkarrekin egiten dugun ariketa sozial erraldoia da. Hizkuntza praktika horiek aldatzen hasteko, hemen bi proposamen.
Aurrena. Lehen hitza euskaraz egitea. Ezagutzen ez duzun horri galdera bat egin nahi diozunean, edo denda zein tabernara zoazenean, zein hizkuntza erabiltzen duzu lehen eskaera hori egiteko? Pentsatu gabe egiten dugunean, aunitzetan, erdarara pasatzen gara. Lehen hitza euskaraz egiteko konpromisoa hartuz gero euskarari ate aunitz irekiko dizkiogu!
Hurrena. Eutsi euskarari. Euskara ulertzen duen horrekin, zergatik ez euskaraz egin? Solaskideak erdaraz erantzuten badizu ere, ulertzen duen bitartean, jarraitu ezazu euskaraz! Elkar ulertzea helburua da, ezta? Hori ere ohitura kontua baino ezta. Beraz, esaiozu, euskaraz ulertzen duen kide horri Euskaraldiak iraungo duen bitartean euskaraz hitz egingo diozula. Azken batean euskaraz ulertzen dugun guztiekin euskaraz egitea proposatzen digu Euskaraldiak.
"Euskaraldiak, modu indibidual zein kolektiboan, hizkuntza ohituren berrikuspena egin eta horiek euskarara hurbiltzeko proposamena egiten du"
Zein dira Euskaraldiaren bertuteak?
Euskal Herrian ez dugu ezagutzen modu masiboan hizkuntza praktika aldatzea helburu duen beste ekimenik. Ariketa eraginkorra da, praktikoa eta erreala, ez da euskararen aldeko kanpaina soil bat. Badakigu hizkuntza praktikak aldatzea eta inertziak apurtzea ariketa zaila dela, baina erronka errealak eta egingarriak planteatzen ditugu. Gainera, hizkuntza komunitatea ere batzen du, elkarlanean eta Euskal Herri osoan, momentu berean, egiten den ariketa baita. Euskararen normalizazioan eragiteko tresna paregabea dugu Euskaraldia.
Zergatik adierazi duzue mugimendu izaera?
Aurtengo edizio honetan, elkar mugituz egingo dugu leloak ongi adierazten duen bezala, hizkuntza portaerak aldatzeko helburu hori oinarritzat hartuta, euskararen erabilera aktibatuko duen mugimendua ere sortu nahi dugu laugarren edizio honekin.
Zein garrantzia du mugimendua masiboak izateak?
Hainbat arrazoirengatik da garrantzitsua Euskaraldia mugimendu masiboa izatea. Batetik, hizkuntza ohiturak aldatzeko aukera handiagoa ematen du. Hizkuntza ohiturak aldatzea zaila da, baina jende askok momentu berean horren alde egiteak erraztasuna dakar inertziak hautsi eta euskararen erabilera sustatzeko. Bestetik, gizartean eragin handiagoa du. Euskaraldiaren mezua zabaldu eta errotzeko aukera gehiago ematen ditu. Zenbat eta jende gehiagok parte hartu, orduan eta normalizatuagoa egongo da.
Horrekin batera, erreferente berriak sortzen ditu. Jende askok parte hartzean, euskaraz bizitzeko eredu berriak ere agertzen dira. Hori oso garrantzitsua da belaunaldi berriendako eta euskara indartu nahi duten horiendako. Gainera, euskararen ikusgarritasuna handitzen du. Mugimendu masiboek erakusten dute euskara erabiltzeko edo ulertzeko gaitasuna duen jende asko dagoela.
Aldi berean, Euskaraldiak makina bat eragileren inplikazioa sustatzen du. Herritarrak ez ezik, erakundeek, zerbitzuek, komertzio txiki zein enpresa handiek, komunikabideek... badute inplikatzeko aukera eta ardura. Eta horrek, nola ez, euskara sustatzeko baliabide gehiago aktibatzen ditu. Azkenik, iraunkortasuna eta etorkizuneko oinarriak ematen ditu. Gaur egun hizkuntza portaera deitzen diogun horri, etorkizun batean arau sozial bilakatzeko pausoak markatzen ditu Euskaraldiak.
"Ariketa eraginkorra da, praktikoa eta erreala, ez da euskararen aldeko kanpaina soil bat"
Euskaraz bizitzeko aukerak sorrarazten ditu?
Bai, eta inolako zalantzarik gabe gainera. Euskaraldiak, aurretik aipatu dudan bezala, hizkuntza ohiturak aldatzeko proposamena egiten du, eta horrek eguneroko egoeretan aplikatuz, euskara erabiltzeko ohitura zein praktika berriak sustatzen ditu. Gainera, harreman sare berriak ere sortzen dira, hizkuntza praktikak euskaraz garatzeko ingurune lagungarriak sortzen baitira. Horretaz aparte, Euskaraldiak ere euskaldunak aktibatzen ditu eta espazio berrietan euskaraz aritzeko bideak ere irekitzen ditu: lantokietan, dendetan, tabernetan, eta abarretan. Ahobizi eta Belarriprest rolen bitartez, euskara sustatzeko eredu berriak ezartzen dira. Azken finean, Euskaraldiak euskaraz bizitzeko aukerak zabaltzen ditu hainbat moduren bitartez, hizkuntza erabilgarri bihurtu nahi du eta horrekin batera hiztunak aktibatu.
Hizkuntza erabilerako inertziak aldatzeko hamaika egun. Nahikoa da?
Badakigu ez dela erraza 11 egunetan hizkuntza ohiturak errotik aldatzea, horrela balitz aspalditik aldatuak izango genituen! Baina, hala ere, badakigu Euskaraldia prozesu horretan abiapuntu garrantzitsua dela. 11 egun horietan ariketa ongi eginez kontzientzia pizte bat ematen da; parte hartzaileek euren hizkuntza portaerez hausnartzen dute, eta askotan konturatzen dira euskaraz egiteko uste baino aukera gehiago dituztela. Arau sozial bihurtu nahi ditugun hizkuntza ohitura horien aldaketan esperimentatzeko aukera ematen, 11 egun horietan hori garatzeko testuinguru berezi bat sortuz, eta horrek konfiantza gehiago sorrarazi dezake parte hartzaileengan. Horren ildotik, euskara gehiago erabiltzeko beldur edo lotsa dutenek laguntza eta babesa sentitzen dute.
"Jende askok parte hartzean, euskaraz bizitzeko eredu berriak ere agertzen dira"
Horren eragina zein da?
Badakigu Euskaraldiak 11 egunetan hizkuntza ohiturak errotik aldatzea ez duela bermatzen, baina aktibazio sozial handia eragiten du eta hiztunen kontzientzia pizten du. Benetako aldaketa iraunkorra lortzeko, Euskaraldiaren ondoren hizkuntza ohitura horiek sustatzen jarraitu behar dugu. Beraz, tokian toki aktibatu diren batzordeei deia luzatzen diegu euren herrietan aktibazio horrekin jarraitzeko. Luzatu dezagun hizkuntza ohiturak aldatzeko praktikak urteko gainontzeko egun guztietara ere!
Beraz, elkar mugituz, zer eginen dugu?
Elkar mugituz euskararen biziberritzerako bideari ekinen diogu! Elkar mugituz Euskaraldiaren eragina ez da egun batzuetara mugatuko, baizik eta gure egunerokoan iraungo du! Txikitasunean, pausoz pauso, hizkuntza-ohiturak aldatu, euskararen erabilera handitu eta hizkuntzaren normalizazioa lortuko dugu! Handia da tokian toki zein Euskal Herri mailan egiten ari garena!