Urdiaingo liburutegiaren gomendioak

Guaixe 2025ko api. 7a, 09:18

Martxoaren 17an Komikiaren eguna izan zen. Adierazpen artistikoa ere baden hori kontakizunak marrazkien bitartez kontatzeko erabiltzen da. Esate baterako, erromatarren garaian protestarako erabiltzen hasi ziren, binetetan politikariak egoera barregarrietan agertzen zirela, horiek irrigarri uzteko asmoz. Garai hartan, jende gehienak ez zekien irakurtzen, eta, era horretan, mezua edozeinek uler zezakeen.

Lehenengo proposamena irakurle hasi berriei zuzendutakoa da:

Biga

Romain Pujol gidoilariak eta Vincent Caut ilustratzaile gazteak sortu duten komiki saila. Gidoiak bi orrialdeko abenturatan egituratuta daude, letra larriz idatzita, eta modu xaloan lantzen ditu gai garrantzitsuak: desberdintasuna, bullyinga edo adiskidetasuna. Umorea, jakina, funtsezkoa da eta nonahi ageri da Vincent Cautek samurtasun grafiko handiz marrazten dituen kontakizun hauetan. Horrez gain, albumaren amaieran irakurleak orri bikoitz bat aurkituko du Bigarekin eta bere adiskideekin jolasteko.

Bigarren hau nerabeendako da aproposa:

Heartstopper

Bi mutilek elkar ezagutzen dute, lagun egin, eta maitemindu egiten dira.

Nick eta Charlie institutu berera doaz, mutilen ikastetxe batera. Egun batean, elkarren ondoan eseri beharko dute klasean, eta berehala ohartuko dira ondo moldatzen direla. Charlie, ordea, Nick-ekin maiteminduko da, eta Nick heterosexuala da. Tao da Charlie-ren lagunik onena, eta hark abisatzen dio, Charlie-ri, baina Nick-i ere Charlie-renganako sentimenduak sortzen hasi zaizkio. Nick nahasita sentituko da ustekabeko sentimendu horiekin, ordura arte neskak bakarrik gustatzen baitzitzaizkion. Heartstopper fenomenoak badu euskarazko edizioa: Naroa Zubillagak euskaratu du sail hau. Sareko plataformatan argitaratu zen lehenik, eta 13 milioi pertsonak baino gehiagok irakurri ondoren, Kickstarter web orrian plazaratu zen, helburutzat zuten diru kopurua baino bost aldiz gehiago bilduz bi ordutan. Halaxe, paperean argitaratu, eta mundu osora zabaldu zen. Azkenik, telesailerako ere egokitu dute. Alice Mai Oseman egile britainiar gazteak berak egin du egokitzapena.