Apirilaren 5ean txirrindularitza tropel nagusia Lizarran bildu zen, Indurain Sari Nagusian. Igor Arrieta (UAE Emirates) tropeletik salto egiten saiatu zen Ibarrako gainean, eta oso aktibo egon zen proba guztian barna. Azkenean, Thibau Nysek (Lidl-Trek) lortu zuen proban gailentzea (4:59:54), Alex Molenaari (Rural Kutxa-Seguros RGA) eta Andrea Bagioliri (Lidel-Trek) 3 segundo aterata. Igor Arrieta hamalaugarren sailkatu zen, 18 segundora, eta lehen nafarra zenez podiumera igo zen.
Iker Mintegi (Euskaltel Euskadi) Frantziako Paris Camembert klasikoan ederki aritzetik eta 20. postuan sailkatzetik iritsi zen Lizarrako lasterketara. Euskalteleko hirukote bat, Iker Mintegi tartean, aurreko talde nagusian sartu zen, baina azken txanpako portuetan aurreko postuengatik borrokatzeko lehian sartzeko nahikoa indarrik gabe. Azkenean, Iker Mintegi 67. iritsi zen Lizarrako helmugara, 6:06ra.
Itzulia Gasteizen hasiko da
Apirilaren 7an, gaur abiatuko da Itzulia, Gasteizen hasi eta despedituko den erlojupekoarekin. Atzo egin zen taldeen aurkezpena, Buesa Arenan, eta bi partaide sakandar izango ditugu: Igor Arrieta eta Iker Mintegi. Euren liderrak laguntzea, eta, ahal bada, etaparen batean nabarmentzea dira euren asmoak.
16,50 kilometroko erlojupekoa da lehen etapan jokoan dagoena, ibilbide laua duena, Arzubiagako malda izan ezik. Erlojupekoa Buesa Arena estadioan hasi eta despedituko da.