Futbola

Altsasuk eta Etxarrik irabazi, eta Lagun Arteak estropezu

Guaixe 2025ko api. 8a, 09:10

Lagun Arteak ez zuen Atarrabiatik punturik ekarri.

Erregional mailako 27. jardunaldiak sei puntu utzi ditu Sakanan

Erregional mailako 27. jardunaldia jokatuta, Altsasuk jarraitzen du lider sendo, Berriozar taldeari 1-3 irabazi eta gero. Bi taldeek lehia bizia izan zuten, baina atsedenaldira 0-1 aurreratuta joan zen Altsasuk, Joaquin Angelek sartutako golari esker. Bigarren zatian bana berdindu zuen Berriozarrek, eta lehia areagotu zen. 73.- minutuan Aitor Augustok 1-2 aurreratu zuen Altsasu, eta Imanol Lobok hirugarrena sartu zuen 81. minutuan. 1-3 irabazita, pozik itzuli ziren altsasuarrak. 

Leitzan 0-2 irabazi zion Etxarrik Aurrera taldeari. Bi taldeek partida bizia eta borrokatua jokatu zuten. 34. minutuan Adrian Jakak Etxarri aurreratu zuen. Nahiz eta Aurrera saiatu, ezin izan zion partidari buelta eman eta 51. minutuan Adrian Jakak sartutako Etxarriren bigarren golak partida erabakita utzi zuen. 

Lagun Arteak Atarrabian jokatu zuen Beti Onak B taldearen kontra. Bi taldeak nor baino nor borrokatu ziren. Lehen zatiko luzapenean aurreratu zen Beti Onak. Lagun Artea behin eta berriz saiatu zen, eta partida bukaera aldera, 87. minutuan, Gaizka Sagarzazuk banakako berdinketa lortu zuen. Tamalez, pozak gutxi iraun zuen, minutu eskas batera Beti Onak-ek garaipenaren gola sartu zuelako, 2-1 irabaziz. 

Datorrena
Erregional mailako laugarren multzoko lider Altsasu da (77 puntu) jokatutako 27 jardunaldietatik 25 irabazita eta bi berdinduta. Bigarrena San Jorge da (62 puntu), eta hirugarrena Etxarri Aranatz (61 puntu). Lagun Artea zazpigarren da (43 puntu). 28. jardunaldian Altsasuk sailkapenean hamazazpigarren den Asdefor hartuko du apirilaren 13an, igandea, 16:00etan, Dantzalekun. Etxarri Aranatzek sailkapenean azkena den Alde Zaharreko Klubaren kontra jokatuko du apirilaren 13an, Amayan. Azkenik, Lagun Arteak sailkapenean bederatzigarren den Barañaingo Lagunak B taldea hartuko du apirilaren 13an, igandea, 16:30ean Zelai Berrin.