Apirilaren 7an abiatu zen Itzulia, Buesa Arenan hasi eta despeditu zen 16,5 km-ko erlojupekoarekin. Max Schachmann alemaniarra (Soudal-Quick Step) izan zen azkarrena, Joao Almeida portugaldarrari (UAE Emirates) ehuneneko txiki batzuk aterata (18:37). Sei urteren ostean, maillot horia jantzi du berriz Schachmannek.
Sakandarrei dagokienez, Igor Arrietak (UAE Emirates) erlojupeko ona egin zuen. 30. postuan sailkatu zen, hirugarren euskalduna (19:20), Schachmannetik 43 segundora. Iker Mintegi (Euskaltel Euskadi) 159. sailkatu zen (20:49).
Gaur, apirilak 8, Itzuliko bigarren etapa dago jokoan, Iruñean hasi eta Lodosan despedituko dena (200 km), Itzuliko etaparik luzeena. 11:00etan firmen kontrola egingo da Runa parkean eta neutralizatutako irteera 12:30ean abiatuko da udaletxe paretik. Iruñetik Noainera joko du tropelak, Artaxoa, Tafalla, Uxue, Zarrakaztelu, Caparroso, Azkoienen eta San Adrianen aurrera egin, eta Sesma Allo eta Lerin gainditu eta gero, San Adrianetik barna Lodosara heltzeko, 17:15ak aldera. Oso etapa gorabeheratsua da, baina soilik portu puntuagarri bat du, Uxue pareko hirugarren mailako Olivako Gaina.