Langile publikoak grebara deituak

Guaixe 2025eko apirilaren 9a

Sindikatuetako ordezkariak greba deialdiaren erregistroa egin zutenekoa. UTZITAKOA

LAB, AFAPNA, CCOO, ELA eta UGT sindikatuek lanuztea deitu dute apirilaren 9rako. Nafarroako Gobernuari langile publikoen lan baldintzak hobetzea eskatzen dute. 30.000 langile inguru daude grebara deituta.

Administrazio Publikoko Mahai Orokorreko sindikatuek (LAB, AFAPNA, CCOO, ELA eta UGT) greba deitu dute apirilaren 9rako, Nafarroako Gobernuari langile publikoen baldintzak hobetzea eta "benetako negoziazioa" eskatzeko. Sindikatu deitzaileek azaldu dutenez, langile publikoen estatutua 1999koa da eta "zaharkituta" dago. Estatutua berritzea da sindikatuen aldarrikapenetako bat. 

Horrekin batera, gaurko grebarekin sindikatuek eskatzen dute enpleguaren egonkortasuna eta behin-behinekotasuna %8tik behera murriztea eta "osasun sektoreko profesionalen arteko aldeak desagerraraztea". Era berean, langile kopurua handitzea, Nafarroako KPIa aplikatuz langile guztien soldata igotzea eta "erosteko ahalmena berreskuratzeko" neurriak ezartzea aldarrikatu dute sindikatuek.

Ildo horretan, familia eta lan-bizitza uztartzeko neurriak ere eskatu dituzte, "sektore publikoan pribatizazio politika amaitzea eta orain arte pribatizatutakoa lehengoratzea", eta karrera profesionaletan "prestakuntza eta dedikazioa sustatu eta ordainduko duten irizpide objektiboak" aplikatzea.