Euskal Herriko makina bat herritan Lurra. Justizia. Bakea lelopean elkarretaratzeak egin zituzten atzo. Etxarri Aranatzen plazan bilkura egin zuten. Bakaikun, berriz, bilkura baliatu zuten errepidean Israelek hildako ume palestinarren izenak idazteko. Gernika Palestina herri ekimenak egin du deialdia, eta Palestinako herria sufritzen ari den genozidioa salatu nahi izan zuten bilkura horiekin.
Ekimeneko kideek adierazi dutenez, "Palestinako herriaren eta gizateriaren kontrako azken erasoen aurrean gure salaketa ozena adierazteko eta nahikoa dela esateko batu gara, eta hemendik, Euskal Herria deritzon munduaren txoko honetatik Palestinako herriari gure maitasuna eta babesa helarazteko. Haritzaren herritik olibondoaren herrira. Gernikaren herritik Gazako herrira", azaldu zuten Gernika Palestina herri ekimeneko kideek.

Adierazi zutenez, "jasanezina egiten zaigu Israelen eraso bakar bat gehiago. Jasanezina handik iristen zaigun odolezko eta sufrimenduzko irudi bakar bat gehiago. Jasanezina palestinarren heriotza bakar bat gehiago. Jasanezina hainbat herrialderen eta erakunderen konplizitatea. Jasanezina konponbidean pausoak eman beharrean, genozidioarekin aurrera egitea. Jasanezina eta onartezina da genozidio anker honek segundo bakar bat gehiago jarraitzea mundu osoaren begien aurrean", aldarrikatu zuten elkarretaratzeetan.