Txirrindularitza

Itzulia, Lodosako lautadetatik Gipuzkoako mendietara

Guaixe 2025eko apirilaren 9a

Euskaltelekoak, Iruñeko udaletxe aurrean, irteeteko prest. @SPRINTCYCLING

Itzuliko bigarren etapa esprintean erabaki zen eta Caleb Ewan (INEOS Grenadiers) gailendu zen, erraz. Hirugarren etapak, etapa erreginak, Zarautz eta Beasain batuko ditu, tartean zazpi portu daudela

Iruñeko udaletxe paretik abiatu eta Lodosan despeditu zen Itzuliko bigarren etapak, Itzuliko etaparik luzeenak (200 km) ez zuen sailkapen orokorrean eraginik izan. Etapa laua zen, eta eguzkipean, goxo-goxo jokatu zen, haizerik gabe. Haizea balego, etapa izugarri gogortuko litzateke, baina bare-bare zegoenez alde horretatik ez zen arazorik izan. Eguneko ihesaldiak, Iruñean proba hasi eta berehala sortu zenak, 180 km iraun zituen, eta Euskaltel Euskadiko Xabier Isasa izan zen protagonista nagusia, azkeneraino iraun baitzuen urretxuarrak, tropelak irentsi arte. 

Tropela batuta iritsi zen Lodosako helmugara, eta esprintean Cadel Ewan (INEOS Grenadiers) izan zen azkarrena, Luca van Bovenen (Intermache) eta Bastien Tronchonen (Decathlon) aurrean erraz nagusituz (4:13:50).  Australiarrak aitortu zuen “oso pozik” zegoela, eta etapa “gogorra” egin zitzaiola. “Mendiko etapak iritsi aurretik irabaz nezakeen etapa bakarra zen Lodosakoa, eta presioarekin atera naiz. Taldeak oso ongi kontrolatu du etapa, eta, azkenean, eremu teknikoetan primeran gidatu naute”. Iker Mintegi 117. sailkatu zen, denbora berean, eta Igor Arrieta 128., denbora berean. 

Sailkapen orokorrean ez dago aldaketarik. Maximilian Schachmannek (Soudal-Quick Step) jarraitzen du lider, Joao Almeida (UAE Emirates) bigarrenak denbora bera duela. Igor Arrieta 30. postuan dago, 43 segundora, eta Iker Mintegi 150., 2:12ra. 

Gaurkoa, etapa nagusia
Gaurko etapak Zarautz eta Beasain batuko ditu (156,3 km), tartean zazpi portu daudela: hirugarren mailako Meaga, Andazarrate, Alkiza, bigarren mailako Santa Ageda eta Mandubia eta hirugarren mailako Gaintza eta Lazkaomendi. Ez dira mendate oso gogorrak, baina azken kilometroetan eragina izango dute.