Iruñeko Baluartek Elhuyar Zientzia Azoka, Nafarroa Teknozientzia hartu zuen apirilaren 5ean. Bertan Nafarroako hamabost ikastetxetako 140 gaztek baino gehiagok STEM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika) arloetako 44 proiektu aurkeztu zituzten.
Lau orduz, LH, DBH, Batxilergo, Lanbide Heziketa eta Hezkuntza Bereziko ikasleek beren lanaren fruitua partekatu zuten. Ikasturtean zehar garatutako proiektuak aurkeztu zituzten, eta gaur egungo erronkei aurre egiteko irtenbide berritzaileak proposatu ere. Besteak beste, jasangarritasunari, birziklapenari, ingurumena zaintzeari eta elikadura hobetzeari buruzko proiektuak izan ziren ikusgai.
Ibarrekoen proiektuak
Sakana Lanbide Heziketako institutuko oinarrizko graduko irakaslea eta hiru ikasle joan ziren. Klima aldaketaren gaia ardatz hartuta, azaldu zuten Altsasuko basoak karbono gordailuak direla, baina askoz gehiago ere. Basoek karbono xurgatzen dutela eta zuhaitzik gabe karbono hori atmosferan legokeela azaldu zuten.
Andra Mari ikastolako DBHko ordezko gelako lau ikasleek zientifikoki frogatu zuten Oinez Basoa bizi-bizi dagoela. Mugimenduarekin argazkiak egiten dituzte bi kamera jarri zituzten eta ikusitako oinatzen arrastoak ere kontuan izan dituzte. Azken hilabetean bildutakoarekin basoan zein animalia dauden azaldu zuten.
Azkenik, DBH 4ko hiru ikaslek auto berriztagarria aurkeztu zuten. Jostailuzko ibilgailuak, dituen eguzki plaken bidez energiaz kargatu eta telefono mugikorreko aplikazio baten bidez gidatzen dute. Mugikortasunean kutsadura murrizteko proiektu hori Bilboko Zientzia Azokan aurkeztuko du hirukoteak maiatzaren 28tik 31ra. Lehiaketa da hura.
Iruñeko jardunaldian parte hartu zuten guztiek diploma bana jaso zuten, zientzian eta teknologian egindako ahalegina eta konpromisoa aintzatesteko. Gainera, Sendavivara joateko sariak zozkatu dira parte hartzaileen artean.