Sakanako Mankomunitateak Hondakin Zerbitzurako kamioi berria erosi du. Mank-ek 184.910 eurotan erosi dio kamioia Talleres Cobos enpresari. Erosketa finantzatzeko Nafarroako Hondakinen Funtsaren 129.437 euroko ekarpena izan du. Ibilgailu berria ontzi arinen bilketarako erabiliko da. Teknikariek azaldu dutenez, "Sakanan bildutako ontzi arinen kopuruak nabarmen egin du gora azken urteotan. 2020tik 2024ra %17ko igoera izan da. Eta horren ondorioz hainbat aldaketa egin dira bilketa ibilbideetan".
Ibarreko erakundeko Hondakin Zerbitzuak zortzi kamioi ditu, trasteak biltzeko kaxa irekiko kamioia eta garbigune mugikorra. Mank-ek zerbitzuko kamioi flota berritzeko 2020tik bost kamioi erosi eta jaso ditu. Zerbitzuko aurreneko kamioi elektrikoa maiatzean iritsiko da. Edukiontziak biltzeko beste kamioi bat jasoko du abenduan.