Areto futbola

Altsasu, lider berria

Guaixe 2025eko apirilaren 10a

Derbiaren hasiera. ALTSASU K.E.

Altsasuk lidergoa lapurtu dio Arbizuri derbi ikusgarrian

Lehen maila autonomikoan Altsasuren eta Arbizu Kirol Taldearen arteko partida derbia baino askoz ere gehiago izan zen. Izan ere, bi punturen arteko distantzia zuten sailkapenaren gorenean dauden bi taldeek, eta, hortaz, lehen maila autonomikoko lidergoa zegoen jokoan. Bi taldeek harreman handia dute, eta festa polita sortu zen goraino bete zen Zelandin. 

Partida oso estua izan zen hasieratik. Hala ere, Altsasu aurreratu zen, 7. minutuan, Asier Salgadori esker. Salgado bera izan zen 11 minutu beranduago Altsasuren bigarren gola sartu zuena, areto futbol zaleen gozamenerako. Arbizuko Urtzi Nazabalek, ordea, 2-1 gerturatu zuen Arbizu, eta liderrak erremontatuko ote zuen, hori zen zaleen zalantza. Baina Altsasuk lidergoa lortzeko gosea zuen, eta erasoan jarraitu zuen, eta bukaera aldera Aritz Sevillak eta Denis Javier Ordoñezek sartutako golei esker, 4-1 irabazi zuen Altsasuk. 

Beraz, Altsasu da lehen maila autonomikoko lider berria (56 puntu), Arbizu Kirol Taldea puntu batera duela (55 puntu). Asteburuan 25. jardunaldia jokatuko da. Altsasuk sailkapenean bederatzigarren den Olite izango du aurkari apirilaren 10ean, osteguna, 20:30ean Erriberrin jokatuko den partidan. Arbizuri, aldiz, atsegin jardunaldia dagokio. Hortaz, Altsasuk urrezko aukera du puntuatu eta Arbizuri sailkapenean alde gehiago ateratzeko. 

Lehen maila autonomikoko derbia jokatu aurretik, Altsasu eta Arbizuko emakumezkoen kadeteen arteko lagunarteko partida hartu zuen Zelandik.