Txirrindularitza

Sakana Group-Alea, 45. denboraldirako gogotsu

Guaixe 2025ko api. 14a, 10:40

Aralar Txirrindularitza klubeko Sakana Group-Alea taldeak, Alea enpresan.

Aurten 32 txirrindulari izango ditu Aralar Txirrindularitza Klubeko Sakana Group-Aleak. Larunbatean egin zuten aurkezpena, Alea babeslearen egoitzan. Junior talderik ez duten bigarren urtea da jarraian, baina kadeteekin itxaropena badute

Arreta deitzen duen Etxarrengo Alea enpresan aurkeztu zuen 2025 denboraldia Aralar Txirrindularitza Taldeak, apirilaren 5ean. Aralar Txirrindularitza Kluba 1980. urtean sortu zen, eta, beraz, aurten 45. denboraldia du. Aurkezpenean, klubaren historiako bestelako datuak ere aipatu zituzten: 1988an Aralarren emakumezkoen lehenengo taldea sortu zela; 1991an Irabia Intersport sartu zela babesle nagusi, eta hain zuzen ere taldeak txirrindulari gehien izan zituen denboraldia izan zela hura: 97 txirrindularik osatu zuten Aralar. Aldiz, 2007an soilik 17 txirrindulari izan zituen taldeak. 

32 txirrindulari
Aurten 32 txirrindulari trebatuko dira Aralar Txirrindularitza Taldeko Sakana Group-Alea taldeetan. Horietatik zazpi kadeteak dira, eta gainontzekoak eskolakoak: promesetan txirrindulari bakarra, hasiberrietan zazpi, kimuetan zortzi eta infantiletan bederatzi. Bigarren urtez jarraian Aralarrek ez du juniorren mailako talderik izango. Kintaden arabera, bolada hobeak edo okerragoak izaten dira, eta azken bi urteetan horrela tokatu da, baina kadeteekin eta eskolarekin kontentu daude eta etorkizunari itxaropentsu begiratzen diote. Helburuak, betikoak dira: gazteak txirrindularitzan trebatzea eta ongi pasatzea. "Eta ez erortzea, aukeran" diote, irribarrez. 

Omar Sanchez: "Gurasoen inplikaziorik gabe eta babeslerik gabe, ezinezkoa litzateke"

Inplikazioa, ezinbestekoa
Aleako oholtzara banaka igo ziren txirrindulariak eta entrenatzaileak. Promesen eta hasiberrien entrenatzailea Alberto Anton da, kimuena Asier Razkin, infantilena Omar Sanchez eta kadeteena Borja Gonzalez eta Xabier Etxeberria, guztiak txirrindularien gurasoak. "Gurasoen inplikaziorik gabe ezingo genuke taldea aurrera atera, inondik inora. Ezta babesleen laguntzarik gabe ere. Oso eskertuta gaude babesle guztiekin" nabarmendu zuten. 

Junta
Omar Sanchez da klubeko presidente berria. Asier Razkin presidenteordea da, Jose Manuel Gorriti diruzaina, Ruben Ruiz idazkaria eta Borja Gonzalez, Gema Gonzalez eta Noelia Martin, bokalak. "Ilobak jarraitzeagatik hasi nintzen juntan, eta Sare Sozialen ardura hartu nuen. Beti esaten dut azken urtea izango dela, baina orain pena ematen du uzteak” dio Gema Gonzalezek, taldekideen argazkiak hartzen dituen bitartean.

Omar Sanchezendako aurtengoa lehen urtea da lehendakari gisa, baina taldean hirugarrena. Bere hiru seme-alabak daude Sakana Group-Alean. Beraz, klubean tarte handia ematen du. "Junta dela, bilerak, infantilak entrenatzea... orduak joaten dira, bai. Baina gustura gaude. Batetik, zaleak gara, eta, bestetik, argi dago txirrindularitza talde bat gurasoen inplikaziorik gabe ezin dela aurrera atera". 

Denboraldi berrirako gogotsu daude, "beti bezala, denboraldi hasieran bereziki". Kadeteak dagoeneko hasi dira eta bi podium jarraian egin ditu Ekai Erdoziak. Altsasuko Burunda Trofeoan Sakana Group-Alea talderik onena izan zen. Infantilak asteburuan hasiko dira lasterketekin, eta gainontzeko kategoriak datorren asteburuan. 

Aurten Aralar Txirrindularitza Taldeak eskolen mailan hiru lasterketa antolatuko ditu eta kadeteen mailan bi proba. 

Erlazionatuak