Industria biziberritze eta dibertsifikazio plana eskatu dute

Guaixe 2025ko api. 11a, 09:09

Erabidea industrialdearen ondoan garatu gabe dagoen Arakilgo industrialdeko lurrak. ARTXIBOA

Sunsundeguik bizi duen egoera dela eta, "berehalako ekintza koordinaturako deia" egin dute ibarreko eragileek. Nafarroako Gobernuarekin eta Sodenarekin lankidetzan aritu nahiko lukete.

Autobusak karrozatzen dituen Altsasuko enpresaren itxierak ekarriko lukeen egoeraren aurrean, Sakanako Mankomunitateak, Sakanako Garapen Agentziak (SGA) eta Cederna-Garalurrek berehalako ekintza koordinaturako deia egin dute. Eta "beharrezkotzat" jo dute "Nafarroako Gobernuarekin eta Sodenarekin lankidetzan, Sakanako industria-biziberritze eta dibertsifikazio plan bat egitea". Planak lau puntu izan beharko lituzkeela ere zehaztu dute. 

Alde batetik, "kaltetutako industrialdeen berrantolaketa eta birmoldaketa" egitea eskatzen dute. Azaldu dutenez, hiru eragileek azaldu dutenez, "industria itxierek kolpatutako guneetan ekonomia jarduera berriak ahalbidetzea helburu luketen industriaguneen berrantolaketa eta birmoldaketarako ekintza zehatzak" egitea eskatu dute. Eta, adibide gisa, Irurtzungo Erabidea industrialdean egindako lanketa jarri dute.  

Bestetik, "industriarako lurzoru erabilgarria garatzea" eskatu dute. "Sakanan oraindik garatu gabe dagoen lurzorua aprobetxatzea, eta haren erabilera etorkizuneko ikuspegiarekin planifikatuz, enplegu egonkorra eta kalitatezkoa sortuko duten inbertsioak bultzatzea". Horregatik, "premiazkoa da Nasuvinsak Etxarrengo industrialdea udalaz gaindiko intzidentziarako plan eta proiektu sektorialean aurrera egitea, enpresa berriak erakartzeko funtsezkoa izan daitekeen gune estrategikoa baita".

Horrekin batera, beharrezko jo dute "funtsezko sektoreetako enpresei laguntza ematea, hala nola eolikoa eta automozioa: Sakanako enpresa traktoreak babestu eta indartu behar ditugu, bai epe motzeko finantza laguntzarekin bai eta epe ertain luzera begira lehiakortasuna indartzeko berrikuntza eta dibertsifikazio proiektuak sustatuz". Azkenik, "enpresa garapenerako eta enpresak erakartzeko estrategia partekatua bultzatzea erabakitasunez, Sunsundeguikoa bezalako itxierak utz ditzaketen hutsuneak estaltzeaz aparte, dagoen ehunarekin sinergiak sortzen dituztenak, dibertsifikazioan laguntzen dutenak eta berrikuntzaren aldeko apustua egiten dutenak ardatz eraldatzaile gisa".

Kezka 
Mank-ek, SGAk eta Garalurrek azaldu dutenez, "Sunsundeguiren etorkizunari buruzko negoziazioak onbidean izateko aukerak gero eta zailago ditugun honetan, Sakanako garapen sozioekonomikoan parte hartzen dugun eragile guztien erantzun partekatu bat eskatzen du, bai eta orain arteko lan-ildoak eta planteamenduak egokitzea". Sunsudeguiren balizko itxierak 341 langileri eta ibarreko industria eta ekonomia sareari "kolpe handia" emango liokeela nabarmendu dute. 

Hiru eragileen iritziz, "ziurgabetasun globalak larriagotutako egoera honek, gizarte eta erakunde eragile guztien erantzun koordinatua eta berehalakoa eskatzen du. Ez da enpresa baten itxiera bakarrik, baizik eta Sakanaren ekoizpen ereduaren eta etorkizunaren inguruan ziurgabetasuna sortzen duen une kritikoa bizi dugu". Horregatik, "ezinbestekoa da ikuspegi estrategikoarekin jardutea, industria indarraren galera saihesteko eta gure eskualdean kalitatezko enplegua babesteko".