Nafarroako Herri Kirol Federazioak antolatutako Nafarroako Herri Kirol Jokoen finalak Altsasuko Burunda pilotalekuan jokatu ziren apirilaren 13an. Txapelketan 500 gazte inguruk hartu dute parte, 55 taldetan, Andra Mari, Iñigo Aritza, Antsoain, Arantza, Araxes, Basaburua, Labiaga ikastola-Bera, Berriozar, Igantzi, Joakin Lizarraga, Malkaitz eta Paz Ziganda klubetatik sortutakoak.
Herri kirol proba konbinatuetan, finaletan, kimuen mailan Andra Mari ikastola 3 taldea gailendu zen, Basaburua B, Berriozar A eta Andra Mari 2 taldeen aurretik. Infantiletan, Igantzi izan zen txapelduna, Basaburuaren, Antsoain B-ren eta Iñigo Aritzaren aurretik. Iñigo Aritza tarte batean bigarren izan zen, baina, azkenean, ezinezkoa izan zen eta laugarren sailkatu zen. Azkenik, kadeteetan Araxes gailendu zen, Basaburuaren, Andra Mariren eta Antosain 4 taldeen aurretik.
Sokatiran, haurren mailako txapela Andra Mari 3 taldeak eskuratu zuen, Basaburuaren, Berriozarren, Iñigo Aritzaren, Antsoain A-ren eta Antsoain B-ren aurretik. Eta kadeteetan Andra Mari izan zen txapelduna, Basaburuaren, Araxesen, Paz de Zigandaren, Antsoain A-ren eta Berriozarren aurretik.
Beraz, Andra Mari izan da Nafarroako Herri Kirol Jokoetako txapeldun handia, hiru txapel lortu baitituelako, proba konbinatuen kimuen mailakoa, eta sokatirako haurren eta kadeteen mailakoak. Pozarren zeuden Mikel eta Jesus Senar arduradunak eta baita sokatirako Lizarraga ahizpak eta haien laguntzaileak ere. “Andra Marik urtero talde ugari aurkezten ditu txapelketarako. Aurten 80 gaztetxok parte hartu dute” nabarmendu zuen Jesus Senarrek. Iñigo Aritzak podiuma gertu izan zuen, baina bi laugarren posturekin konformatu behar izan zuen. “Gaur ez dugu egunik onena izan. Pena da, baina halakoak gertatzen dira, baina pozik eta gustura daude egindakoarekin” adierazi zuen Iñigo Aritzako Jon Lagosek.