Erregional mailako 28. jardunaldiak bederatzi puntu gozo utzi ditu Sakanan.
Altsasu liderrak Asdefor taldea hartu zuen Dantzalekun. Hasieratik sendo hasi zen Altsasu, eta atsedenaldirako 3-0 aurreratu zen Joaquin Angelek (2) eta Mikel Etxaizek sartutako golei esker. Bigarren zatian joera bera izan zuen partidak. Joaquin Angelek hirugarrena sartu zuen, hat trick-a, eta Julen Floresek bosgarrena. 5-0, liderraren beste garaipen sendo bat.
Etxarri Aranatzek Alde Zaharreko Kluba taldea izan zuen aurkari Amaya klubeko futbol zelaian. Lehen zatia oso borrokatua izan zen, eta golik gabe despeditu zen. Bigarren zatian Etxarri Aranatz hiru puntuak lortzera atera zen. Oinatz Carreñok mustu zuen markagailua 52. minutuan, eta atzetik Jon Erdoziaren, Mattin Altzelairen eta Aimar Ijurraren golak iritsi ziren. 0-4 irabazita, Etxarrik ligako bigarren postua lapurtu dio San Jorgeri.
Lagun Arteak Barañaingo Lagunak B taldea hartu zuen Zelai Berrin. Lehen minuturako Alvaro Codonek Barañaingoen atea zulatu zuen, eta 5 minutu beranduago Iker Anduezak Lagun Artearen bigarren gola sartu zuen. Atsedenaldira 3-0ko errentarekin joan ziren lakuntzarrak, Gorka Egurzaren golari esker. Bigarren zatian joera berberarekin jarraitu zuen partidak, Lagun Artea jaun eta jabe izan baitzen. Iker Anduezak, Bilal Berrerhdochek eta Borja Ganboak borobildu zuten gol festa. 6-0 irabazita, gustura geratu zen Lagun Artea.
Hurrena, apirilaren 21ean
Altsasu liderrak 80 puntu dauzka eta ligan partidarik galdu gabe segitzen du. Etxarri bigarren postura igo da (67 puntu) eta San Jorge hirugarren da, azken jardunaldia galdu eta gero (65 puntu). Lagun Artea zazpigarren postuan dago (46 puntu).
Erregional mailako 29. jardunaldian, Altsasuk Soto Lezkairun jokatuko du apirilaren 21ean, Pazko Astelehena, 17:00etan, sailkapenean hamaseigarren den Mendillorriren kontra. Etxarri Aranatzek hamabosgarren den Baztan B izango du aurkari egun berean, 18:00etan, San Donato Zelaian. Azkenik, Lagun Artea laugarren den Rotxapea B-ren kontra lehiatuko da egun berean, 11:00etan, El Iratin.