Atakondoa eskolak 50. urteurrena ospatu zuen

Guaixe 2025ko api. 16a, 10:00

Dantzariak aurreskua dantzatzen. NEREA MAZKIARAN ZELAIA

Eskola posible egin duten langile, ikasle, irakasle, zuzendari eta udal ordezkariak omendu zituzten. 

Urteurren ospakizuna izan zuten Atakondoa ikastetxe publikoan larunbatean. Eskola ateak zabaldu zirela 50 urte igaro izana ospatu zuten. Goizetik eskolak haurrendako jokoak hartu zituen. 13:00etan herrian barnako kalejira batek herritarrak jaso eta kiroldegira eraman zituen, han ikastetxearen parte diren pertsona guztiak omendu zituzten. Alde batetik, garbitzaileak. Lan handia egin behar izan baitzuten hasiera hartan ikasleen hanka arrastoak garbitzen: eskolak hartzen zituen 800 haur asfaltatu gabeko patiotik sartzen ziren eta dena lokaztuta uzten zuten. 

Atakondoara sartzen lehen ikasleak Vicente eta Manolo Beraza izan zirela gogorarazi zuten. Herrietako ikasleek beraien lekukotasuna utzi zuten. Irakasleak ere omendu zituzten. Irurtzungo eskola kontzentrazioa egiterakoan hainbat herrietako eskoletatik Irurtzungora joan ziren. Euskarazko hezkuntza 1977an sustatu zuten gurasoak ere bai. Hasieran eredu elebidun zen, baina ikasturtez ikasturte D eredua lortu arte jo eta ke aritu ziren. Bestalde, ikastetxeko hamalau zuzendariak ere gogoratu zituzten: Sagrario Martirena, Felix Erro, Pablo Fernandez, Koldo Pla, Jose Manuel Eslaba, Nekane Estanga, Mª Jesus Larunbe, Camino Iragi, Jose Manuel Legarra, Blanca Ilundain, Felix Rey, Joana Ziganda, Silvia Sanchez, Iñigo Zamargilea eta Agurtzane Goñi. Irurtzungo Udaleko aurreneko eta egungo alkateek ere hartu zuten hitza, Tatono Arregi k eta Unai Razkinek, hurrenez hurren. Bazkarian 320 pertsona elkartu ziren. Bazkaldu ondoren puzgarriak eta musika izan ziren. 


Euskarazko hezkuntzak aitzindariak izan zirenak ere omendu zituzten. NEREA MAZKIARAN ZELAIA

Javier Guibert arkitektoak diseinatutako ikastetxea 1975ean zabaldu zituen ateak. Eraikinak ordutik hainbat eraldaketa izan ditu. Bisita gidatuen bidez ikastetxea bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zen larunbatean. 

Egun
Eskolak 443 ikasle eta 65 irakasle ditu. Ikastetxeak Imotz, Ollo, Goñi, Itza, Arakil eta Irurtzungo ikasleak hartzen ditu gaur egun. Baita A eredura joaten diren Leitza, Larraun eta Lekunberriko ikasleak ere. Hasiera batean baita Imotz, Irañeta eta Uharte Arakilgoak ere. Haur Hezkuntzatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. mailara arteko eskaintza du Atakondoak. Ondoren ikasleek ikasketak Iruñean jarraitu behar dituzte. Atakontoako komunitatearen aspaldiko eskaera da DBH guztia herrian bertan ematea.