Euskaraldia 2025

Euskaraldian ere badira Ariguneak

Alfredo Alvaro Igoa 2025ko api. 30a, 13:33

Euskaraz lasai hitz egiteko guneak, Ariguneak.

Aurrekoetan bezala, Euskaraldiko laugarren edizioan ere entitateek ere lekua dute. Euskaraldia euskararen erabilera areagotzeko ariketa soziala da, eta entitateek euskararen erabileran pausoak eman nahi badituzte, Ariguneak dira haien aukera. Aukera ezin hobea euskararen presentzia eta erabilera sustatzeko

Zer da Argigunea?
Edozein momentutan euskaraz lasai, segurtasunez, aritzeko gunea da.

Zein izan daiteke Arigune?
Mota guztietako entitateak izan daitezke Arigune: dendak (okindegi, ostatu, enpresa, farmazia…), elkarteak (kirolekoa, kulturakoak, gaztetxeak…), zerbitzuak (medikuak, ikastetxeak, haur eskolak, adinduen egoitzak…) edo erakundeak.

Entitate baten barruan Arigune bat baino gehiago egon daiteke?
Bai. Ariguneak izan daitezke entitate baten baitan ohiko dinamika duten eta kide guztiek gutxienez euskara ulertzen duten sailak, atalak, ekipoak, sekzioak, zerbitzuak, taldeak…

Herritarrekiko harreman espazioa izan daiteke Arigune?
Baldin eta uneoro Belarriprest edo Ahobizi bat badago dendako kutxazain gisa, telefono bidezko arreta ematen, tabernan... Horrela herritarrek uneoro euskaraz artatuak izateko bermea dute.

Ariguneko kideek txapa eramanen dute?
Bai, Ahobizi edo Belarriprest modura ariko dira Euskaraldiak irauten duen bitartean, baina ariketa modu kolektiboan eginen dute Arigunean.

Zein abantaila dakarkit Ariguneko kide izateak?
Ariguneetan Belarriprest eta Ahobizi izatea askoz errazagoa da, kide guztiek euskaraz ulertzen dutelako edo herritarrei aukera ematen zaielako euskaraz egin ahal izateko.

Zein da Ariguneen helburua?
Entitateen harremanetan euskararen erabilera handitzea da.

Arigune izateko erabakia hartzeko zer behar da?
Zuzendaritzaren eta entitateko gainontzeko kideen inplikazioa behar dira.

Behin Arigune izateko erabakia hartu ondoren, zer egin behar da?
Entitatean Euskaraldiaren eta bertan parte hartzearen onuren berri emanen da. Gainera, Belarriprest eta Ahobizi rolak azaldu eta sakondu. Aldi berean, ariketa taldean egitearen garrantzia azpimarratu beharko da. Hizkuntza ohiturak aldatzeko erraz eman daitezkeen pausoak azalduko dira. Horretarako, beharrezkoak balira, tresnak eskainiko dira.

Arigune gisa izena emateko zer egin behar da?
Euskaraldia.eus webgunearen bidez izena eman.

Izena ematearekin konpromisoren bat hartzen da?
Hiru egiteko bereganatzen dituzte. Aurrena da entitateko kideei, edota bezeroei, Euskaraldiaren berri eman behar dietela, eta Ahobizi eta Belarriprest izan daitezen sustatu behar dutela. Hurrena da, ariketa ondo egiteko eta rolean eroso egon daitezen prestakuntza tresnak aztertu eta baliabideak kideen eskura jarri behar direla. Eta, atzena, ariketan parte hartzen ari direla ikusgarri egin. Esate baterako, entitate barruko zein kanpoko pertsonei komunikatu, espazioak apaindu, txapak jantzi, eta abar.

Eskakizunak betetzeko materialik bada?
Bai, euskaraldia.eus webgunean.

Zer konpromiso har ditzake Ariguneak Euskaraldian?
Esate baterako: bilerak euskaraz egin, barne edota kanpo komunikazioak euskaraz egin, hizkuntza harrera planak, barne politikak...

Zer onura du entitatearendako Arigune izateak?
Lankidetzan oinarritutako tresna positiboa da, kideek hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabileran aurrera egiteko. Dakitenek eroso hitz egiteko aukera izanen dute, eta euskara ulertzen dutenek, berriz, euskara maila hobetzeko gune aproposa opatuko dute Arigunean. Talde kohesioa eta motibazioa indartzeko bitartekoa da. Inertziak astindu eta euskararen erabilera indartzeko oso tresna baliagarria da Arigunea. Entitatea gizartearen euskara biziberritzearen aldeko joerarekin lerrokatuko du, hizkuntza entitatearen erantzukizun sozialaren parte bihurtuz. Horrek herritarrekiko gertutasuna eta konfiantza sortu eta sendotuko du, identifikazioa eta fidelizazioa handituz.

Nola jakin zein den Arigune?
Arigunearen ikurraren bidez identifikatzen da.

Kuadrilla arigune izan daiteke?
Bai. Lagun talde barruko hizkuntza ohiturak aldatzeko nahia eta adostasuna baduzue, elkar mugituz eginen duzue.

Eta herriak?
Jakina. Edonork, edonorekin eta edonoiz euskaraz eroso hitz egiteko aukera dute herri batzuek.

Herritarrei harrera euskaraz egiten diezu?
Arigune izan zaitezke.

Lankideekin edo elkartekideekin euskaraz ari zarete?
Arigune izan zaitezkete.

Lankide edo elkartekideek dituzuen hizkuntza ohiturak aldatu nahi dituzue?
Arigune izan zaitezkete.

Sakanan zenbat arigune daude?
Momentuz, 79 entitate daude izena emanda. Aurreko edizioan 130 entitate eta 289 Arigune izan ziren.