Langileen aldarrikapenak kalean izanen dira

Guaixe 2025eko apirilaren 30a

Manifestazio baten buruan sindikatuen hainbat bandera. ARTXIBOA

Maiatzaren lehenean, Langileen Nazioarteko Eguna dela eta, hiriburuetan hainbat deialdi izanen dira. 

Chicagoko martiriak aldarrikatzeko eta omentzeko eguna da maiatzaren 1a. Sindikalista anarkista batzuek 1886ko maiatzaren 1ean greba hasi zuten Amerikako Estatu Batuetan eta exekutatuak izan ziren zortzi orduko lanaldia lortzeko borroka-protestetan parte hartzeagatik. Ordutik aurrera, langileen eskubideen aldarrikapen eguna, oro har, gutxi-asko, planeta osoan ospatzen da. 

LAB 
Iruñeko Gaztelu plazatik abiatuko da LABek deitutako mobilizazioa, Patronala, esplotatzailea! Langileen alde, gutxieneko soldatak eta pentsioak hemen erabaki leloa duena. LABetik adierazi dutenez, "lantokietan, kalean nahiz instituzioetan burujabetzaren eta eraldaketa sozialaren alde presio egitearen beharra dago". Hiru lehentasun ditu LABek: zerbitzu publikoak garatzea, industria politika berria abian jartzea eta herritar guztiei gutxieneko diru-sarrerak bermatzea. "Politika publikoen sakoneko aldaketa beharrezkoa da, herritar guztiei osasuna, hezkuntza, zaintza eta etxebizitza bermatzeko. Nafarroan badago horretarako ahalmena: enpresariek eta errenta altuek dagozkien zergak ordaindu behar dituzte, herri honek behar dituen zerbitzu publikoak finantzatzeko". LABekoek ziurtatu dutenez, "ez dugu etsiko gutxieneko soldata propio eta duina ezarri arte". 

ELA 
Mobilizazioen buru Gutxieneko soldata, hemen erabaki leloa duen pankarta izanen da. 11:30ean abiatuko da Iruñeko Gurutze plazatik. ELArendako "lehentasuna da lan-baldintza okerrenak dituen jendearen soldata hobetzea; presioa eragin behar dugu hemengo gutxieneko soldataren alde: Euskal Herriko langileriarentzat lorpen handia litzateke". ELAk antimilitarismoa aldarrikatuko du ere: "Europar Batzordeak eta NATOk bultzatzen duten militarizazio estrategia mehatxu bat da bake, demokrazia eta eskubide sozialendako. Armetan diru gehiago xahutuz gero Osasungintza eta Hezkuntzaren kalterako izango da". ELAk euskal erakundeei eskatuko die "estrategia belizista horri aurre egin diezaioten eta haien lehentasunak alda ditzaten, bestelako industria-politika bat bultza, zerbitzu publikoak zein politika sozialak indartzearren". ELAk "borroka sozial eta sindikala eta gizartearen eraldaketa kolektiboa lortzeko konpromiso militantea" aldarrikatuko ditu.

UGT eta CCOO
Bi sindikatuak elkarrekin eginen dute manifestazioa. Haien Iruñeko egoitzen paretik 12:30ean abiatuko da eta Konkistatu duguna defendatuz, etorkizuna irabazi leloa du. Bi sindikatuetatik gaztigatu dutenez, "ultraeskuinaren mehatxua gero eta handiagoa da Europan, eta Trumpen presidentetzatik bultzatutako politika atzerakoiek mehatxatu egiten dituzte konkistatutako eskubideak. Eta ezin dugu atzerapausorik onartu". Gainera, Nafarroan eta Espainian "erronka eta helburu ukaezinak ditugu, esaterako: lanaldia 37,5 ordura murriztea soldata murrizketarik gabe; soldatak handitzea aberastasuna banatzeko eta bizitza duina bermatzeko; gure industria defendatzea muga-zergen gerraren aurrean edo Nafarroan Funtzio Publikoaren Estatutu berri bat onartzea". Gainera, "lehentasunezko" jo dituzte "emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erreal eta eraginkorrerantz aurrera egiten jarraitzea edo laneko ezbehar-tasa jasanezina murriztea".

CGT, CNT, ESK, STEILAS eta Solidari
Iruñeko Baratxurien plazatik abiatuko da manifestazioa 12:00etan, eta honako leloa izanen du: langile klasearen eskubideen defentsan, industria militarrik ez! Haren bidez adieraziko dute "gerra eta heriotza" ez direla Euskal Herriko industriarentzat "negozio aukera", ezta alternatiba ere. "Bildu gaituen eskalada belizistak errotik arbuiatzen dugun eskrupulurik gabeko kapitalismoaren interesei bakarrik erantzuten die". Bestalde, industria "kapitalaren erabakiengatik oso kaltetuta dago, edozeren gainetik irabaziak handitzea ikusten baitute. Pertsonak mukizapiak bezala erabiltzen gaituzte". Baina "langile izaerak harrotzen gaitu, ez esklabutza egoerak". Nabarmendu dutenez, "bizitzak erdigunean jarriko dituen gizarte batetik urruntzen gara egunez egun". Horregatik, "alternatiba ekosozial justua beharrezkoa" dela adierazi dute: "saia gaitezen gure mundua antolatzen: gure eskuekin, gure bihotzekin, gure ideiekin". 

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak 
EHKS alderdiaren manifestazioa Bilboko Jesusen Bihotzetik abiatuko da 13:00etan eta Europako estatuen berrarmatzearen kontra, gerra inperialistari ez leloa izanen du. EHKStik adierazi dutenez, "Estatuen gaitasun militarrak areagotzeko planak sustatzen ari dira Europako herrialde guztietan. Plan horien bitartez ez da inondik inora Europaren burujabetza bermatuko. Europak ekonomikoki, politikoki eta militarki AEBri eta NATOren mandatuari lotuta jarraituko du". EHKSren iritziz, "langile klaseko antolakunde, kolektibo eta norbanakoen batasuna beharrezkoa da gerrari eta estatuen berrarmatzeari aurre egiteko. Iruzur instituzionaletik eta beraien alderdietatik kanpo". Ziurtatu dutenez, "gerrari eta langile klasearen pobretzeari aurre egingo dion erreferente iraultzaile bat eratzea dagokigu, nazioarte mailan hedatuko dena eta herrialde bakoitzean sustraituta egongo dena". Maiatzaren bata "sozialismoaren norabidean pauso bat gehiago emateko" baliatuko du. 

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak 
Maiatzaren 1eko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du pentsiodunen mugimenduak: "sistema kapitalista salatzeko, lan eta gizarte eskubideak eskatzeko eta herri sektoreen borroka internazionalista nabarmentzeko". Langileen Nazioarteko Egunaren testuinguruan ere "pentsio eta soldata duinak aldarrikatzearen garrantzia" azpimarratu dute.

Jardun koordinadora 
Jardunek Sozialismoaren bidean Euskal Herri Langilea batu! leloa aukeratu du. Jardunek Europar Batasunari erreparatu dio: "NATO bezala, inperialismoa eta kapitala elikatzen dituen egitura da". Jardunekoek salatu dutenez, "europarron batasunaren mesedepeko bloke ekonomiko eta politiko gisa saltzen digutena miseriaren eta jazarpenaren gainean eraikitako batasuna da, langileon azpiratzean oinarritu eta gu esklabo mantentzeko sortua baita kapitalaren Europa. Nazio zapalduak estatuok irenstea ahalbidetu eta langile klasearen morrontza bermatzen duena". Hortaz, "ez da nahikoa hauek salatu eta gure kaleetatik desagerraraztearekin. Langileon bizitzetatik desagerrarazi behar ditugu euren boterea eta indarra, ezerezera murriztuz. Kapitalaren Europatik langileon aberria, Euskal Herria, eraiki behar dugu".