Euskarazko udalekuetan izen emateak laguntza du

Guaixe 2025eko maiatzaren 7a

Haurrak eta amak Arbizuko plazan. ARTXIBOA

Sakanako Mankomunitateak dirulaguntza deialdia egin du.

Euskara hutsezko udalekuetara joango diren haur eta gazteendako dirulaguntza deialdia egin du Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak. Mank-ek 9.000 euroko diru poltsa du deialdi horretarako. Jakinarazi duenez, gehienez ere, 125 euro emanen dizkio eskatzaile bakoitzari. Anai-arreba bat baino gehiago joan badira udalekuetara, amak, aitak edo tutoreak eskaera bat egin beharko du senide bakoitzeko. Eskabideak egiteko epea 2025eko irailaren 30era bitartekoa izango da. 

Baldintzei dagokienez, udalekuak 5 egun (4 gau) eta 15 egun (14 gau) bitartean irautea eta udako oporren garaian bada, izen-emate gastuengatik Mank-en laguntza eskatzeko aukera izanen da. Euskara Zerbitzuak gaztigatu duenez, deialditik kanpo geldituko dira Mank-ek zuzenean edo zeharka kudeatutako udalekuak, baita bere bestelako dirulaguntzaren bat jasotzen dutenak ere. Horretaz aparte ez ditu lagunduko ez txangorik ez bidaiarik. Deialdiaren parte ez dira: barnetegi erregimena eskatzen ez duten kirol campusak, hiri udalekuak eta udaleku irekiak. Deialdiari buruzko informazioa sakana-mank.eus webgunean dago.