Egunotan makina bat lasterketa jokatu dira afizionatuen mailan. Apirilaren 19an Natxituko XXIX. Txirrindulari Lasterketa jokatu zen Bizkaian, Euskaldun Txapelketarako baliagarria. 118 kilometroko proba oso mugitua izan zen hasieratik, baina Rural Kutxa-Alea talde sakandarrak bikain kontrolatu zuen proba, guztia irabazi baitzuen: lehen hiru postuak lortu zituen, taldekako sailkapena, mendiko sailkapenena eta tartekako helmugen sailkapena.
Rural Kutxa-Aleako Juan Pedro Lozano iritsi zen bakarrik helmugara (2:52:30). 13 segundora Mikel Uncilla Aldasoro etxarriarra iritsi zen, denboraldiko lehen podiuma lortuz, eta 2 segundo beranduago Adria Regada. Mikel Uncillak, bigarren postuaz gain, mendiko txapelketa lortu zuen, eta Adria Regadak tartekako helmugena. Aimar Tadeo (Euskadi Fundazioa) 27. sailkatu zen.
Apirilaren 26an Lazkaoko LXXXII. Proba jokatu zen, 128,7 kilometrotan Larraitz (bitan), Lazkaomendi (bitan), Olaberria gaina eta Gaintza portuak lotu zituen lasterketa gogorra. Rural Kutxa-aleak eta Euskadi Fundazioak lehia gogorra izan zuten, eta azkenean Juan Pedro Lozano (Rural Kutxa-Alea) iritsi zen bakarrik helmugara (3:11:13), Euskadi Fundazioko Gari Ugarteren (3:11:30) eta Aimar Tadeo lakuntzarraren (3:11:52) aurretik. Denboraldiko lehen podiuma lortu zuen txirrindulari lakuntzarrak. Mikel Uncilla 24. sailkatu zen.